(argazkia: Durangoko Azoka)

baDA! Lelopean irekiko ditu ateak Durangoko Azokak abenduaren 3tik 8ra

56. edizioak aurrez aurreko salmenta eta online denda uztartuko ditu. Landakogunean 220 erakusmahai baino gehiago egongo dira aurrez aurre abenduaren 4tik 8ra, eta online denda martxan egongo da abenduaren 3tik 7ra bitartean durangokoazoka.eus webgunean. Leire Urbeltz da aurtengo kartelaren egilea.

Durangoko Azokaren 56. edizioan, “itzuliko dira erakusmahaiak, itzuliko dira korridoreak, itzuliko dira Ahotsenea, Irudienea, Kabi@, Saguganbara eta Szenatokia, eta itzuliko dira sortzaileak, argitaletxeak, diskoetxeak, zein autoekoizleak; eta itzuliko dira, nola ez, kulturzaleak. Beraz, bada Azoka. Eta zelako Azoka!”, aurreratu du Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariak, gaur goizean Durangon egin duten prentsaurrekoan.

Landako guneak biltegi izateari utziko dio, beraz, eta bizia hartuko du 56. edizio honetan, aurrez aurreko 220 erakusmahairekin eta 152 partehartzaileren eskutik. Azokako antolatzaileek adierazi dutenez, Landako guneak izango duen edukiera eta Azoka bisitatzeko osasun-neurriak zeintzuk izango diren aurrerago zehaztuko dira.

Mujikak eskerrak eman nahi izan dizkie izena eman duten argitaletxe, diskoetxe, eragile eta autoekoizleei: “Badakigu askorentzat une zailak direla eta datozen hilabeteak erantzunik gabeko galderez beteta daudela. Hala ere Azokan egoteko ahalegina egitea erabaki dute. Eskerrik asko Durangoko Azokan sinesteagatik”.

Aurrez aurreko salmentaz gain, bigarren urtez Azokak online denda izango du bere webgunean. Bertan erosi ahal izango dira Landakon salgai egongo diren nobedade guztiak: liburuak, diskoak, ikus-entzunezkoak, komikiak, ipuinak… “Iazko esperientziari jarraipena emanez, norberaren etxetik Azokaz gozatzeko aukera ere izango da, eta Azokako produktuak online dendan eskuragarri egongo dira”.

Egitarauari dagokionez, Azokak aurrez aurreko jarduerak ere izango ditu abenduaren 4tik 8ra bitartean, gune eta diziplina ezberdinetan. Horretaz gain, Azokako Areto Nagusiko ekitaldiak eta Ahotseneako zuzenekoak webgunean jarraitu ahal izango dira.

Antolakuntzak urriaren 8an irekiko du epea kultur sortzaileek euren proposamenekin Azokako egitarauan parte har dezaten.

Kartela: Leire Urbeltz Desipuindegia

Durangoko Azokaren 56. edizioaren aurkezpenarekin batera, aurtengo kartela ere aurkeztu dute. Egilea Leire Urbeltz (Iruñea, 1985) sortzailea da, eta aitortu duenez, “ohore handia” izan da berarentzat kulturaren plazako irudia egitea: “Ilusio handia egiten dit, baina ardura handia sentitzen dut ere, Azokak duen garrantziagatik”.

Sortzaile iruindarrak Desipuindegia izeneko lana sortu du Azokako 56. edizioarentzat. Kartel koloretsu honetan, Urbeltzek Azokako lehenengo edizioak izan ditu gogoan, baina gaur egunera ekarrita, “erronkaz beterik datorren pandemiaren osteko azoka berrasmatuz”. Irudi moderno eta gaurkotuarekin, kartelean kulturaren plaza osatzen duten elementu ezberdinak topa daitezke (biniloak, liburuak…), “Kili Kuir” izeneko pertsonaiekin batera eta Anbotoko magalean. Egileak 60. hamarkadako iruditegiaren berrikuspena egin nahi izan du, Durangoko Azokako lehenengo edizioena.

Zabaldu: