Iradier Arenan kultura programatzen jarraitu ahal izateko lankidetza 2022ko urtarrilaren 10era arte luzatuko dela iragarri dute.
Erakundeek eta kultura eragileek Kultura Bizia gunea aurkeztu zuten apirilean, Gasteizen. Asmoa Iradier Arenan kokatutako espazioak mota guztietako kultura ekitaldiak hartzea izan zen eta horretarako irailera arte luzatu den egitarau oparoa prestatu zuten. Orain balantzea egiteko unea heldu zaie antolatzaileei eta “publikoaren erantzuna oso ona” izan dela adierazi du Kultura Bizia elkarteko lehendakari Javier Sagastumek.
Maiatzetik irailera 32.000 ikusle igaro dira Iradier Arenako Kultura Bizia espaziotik, 61 egunetan izan da programazioa, eta ia 90 ikuskizun eskaini dira. “Musika, antzerki talde eta abarrentzat lana ekartzeaz gain, programazioko egun bakoitzean 35 pertsona inguru aritu dira lanean, eta 10-12 pertsonako talde bat jarraian; hori bultzada garrantzitsua izan da, bizitzea egokitu zaigun garai honetan”, gaineratu du Sagastumek.
Ana del Val Kultura diputatuak, berriz, proiektuaren alde egitean eta orain luzatzean asmatu dutela azpimarratu du, “arrakastatsua izan baita”. Izan ere, “kultura mundua suspertzeko bidean gaude, ia normaltasun osoa berreskuratzen, eta ziur gaude kultura inoiz baino biziago dagoela eta segurua dela; baina publikoaren bultzada ere behar duenez, eta alor publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza, proiektua laguntzen jarraituko dugu”, azaldu du.
Balantzearekin batera, urtarrilera bitartean baieztatutako zenbait ekitaldi aurreratu dituzte:
• S.A., Anestesia, Angelus Apatrida, Proudz
• Gasteiz On pasarela
• Miniature
• Boxeo gaualdia
• Algara eta Korrontzi
• Olatz Salvador + Idoia
• Bakarrizketak (Agustin Jiménez, David Navarro eta Txabi Franquesa)
• Stay Homas
• Pirritx, Porrotx eta Marimotots
• Mulixka dantza taldea + Koro Araba + Luis Aranburu
Sarrerak www.kulturabizia.eus webgunean erosi ahal izango dira.