(argazkia: Irekia)

Quebecek Euskal literaturari leihoa irekiko dio

Saison Quebec – Pays Basque 2021-2022 egitasmoaren baitan literatura eta eleaniztasuna ardatz izango dituen kongresua egingo da Laval Unibertsitatean eta Quebec en toutes lettres jaialdiak euskal literaturari eskainiko dio gau bat.

Laval Unibertsitateak, Etxepare Euskal Institutuak, Quebeceko PEN Klubak eta Euskal PEN Klubak urriaren 13an eta 14ean egingo den La voix des autres-Besteen ahotsa, Eleaniztasuna eta literatura: Euskal Herria eta Quebec kongresua antolatu dute, online. Donostiako Tabakaleran egin dute aurkezpena eta zehaztu dutenez, egunero egingo dira aurkezpenak, eta saio bakoitzaren amaieran mahai-inguruak izango dira. “Parte hartuko duten adituen hitzaldietan sorkuntza literario hauek partekatzen dituzten ezaugarriak identifikatuko dira eta ondorengo gaiak landuko dira, besteak beste: hizkuntza gutxituak dituzten ingurune eleaniztunak, literatura frantziar-quebectarra, gutxiengo ikusgarrien edo kulturalen literatura, eta literatura ekoizpena Euskal Herrian, Quebecen eta Ipar Amerikan”.

Ondoren, urriaren 14tik 24ra bitartean egingo den Quebec en toutes lettres jaialdi entzutetsuaren baitan, euskal literaturari eskainitako gaua antolatu dute Quebec hiriko Zibilizazioaren Museoan. Urriaren 16an izango da, 19:00etan, Soirée découverte Accent basque izenburupean.

Batetik, euskal literaturari buruzko mahaingurua egingo da Itxaro Borda eta Kirmen Uribe idazleen eta Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariaren parte hartzearekin. Melissa Verrault idazle eta itzultzaileak gidatuko du mahaingurua.

Bestetik,  Chejov vs. Shakespeare egitasmoaren edizio berria aurkeztuko da. Oraingoan, Aurelia Arkotxa euskal idazlea eta Jean Desy idazle quebectarra izan dira protagonistak. Urtebetez mantendu duten korrespondentzian akulturazioa, kolonialismoa eta kultur aniztasuna bezalako gaiak izan dituzte mintzagai, baita pandemia ere. Gutun-truke horren emaitza liburu bihurtu eta jaialdi horretan aurkeztuko dute Desyk eta Arkotxak. Ekitaldian pasarte batzuk ere irakurriko dira Trio Zukanen musikaz lagunduta. Etxeparek aipatu duenez, Maria Zubimendi, Gorka Catediano eta Jon Ansorenak osatutako hirukote honek beste kontzertu bat ere emango du urriaren 20an, Montrealen, bertako Quasar Saxophone Quartet taldearekin.

Chejov vs. Shakespeare egitasmoaren edizio honen azala egiteko hautatutako artista Higinia Garay irudigilea izan da, eta liburua azaroan aurkeztuko da Euskal Herrian, Donostiako Literaktum jaialdiaren baitan.

Bestalde, Quebec en toutes lettres jaialdian bertan, Itxaro Bordak Poesiaren gaua ekitaldian hartuko du parte, literaturako hainbat ahots konsagratu eta emergenterekin batera.

Itzultzaile Berriak

Literaturaren ildotik jarraituz, baina Quebec en toutes lettres jaialdia alde batera utzita, Itzultzaile berriak proiektua ere ari dira garatzen Saison Quebec – Pays Basque 2021-2022 egitasmoaren baitan. Nazioarteko literatura itzultzaileak euskaraz trebatzea eta nazioarteko literatura itzultzaileen eta bertakoen arteko zubiak eraikitzea da egitasmoaren xedea. Yannick Bedard eta Michel Usereau itzultzaile quebectarrak Aiora Jaka EIZIEko kidearen gidaritzapean, hurrengo laginen itzulpenak ari dira egiten: Garazi Arrularen Abian eta Ederra eta piztia; Uxue Alberdiren Oreina eta Ezertan lagun diezazuket?;  eta Harkaitz Canoren Arrokarik altuena eta Safaria lanenak. Abendurako laginak amaitutzat eman ondoren, Bilboko Gutun zuria jaialdian aurkeztuko dute hilabetetako lanaren emaitza. Gainera, aurreikusita dago itzultzaileek egonaldia egitea, 2022an, Euskal Herrian.

Joan-etorriko izaera duen Saison Quebec – Pays Basque programaren helburua da euskal kultura eta sorkuntza garaikideari Quebecen leiho bat irekitzea, eta, era berean, Quebeceko sortzaileen lana Euskal Herrian erakustea, hizkuntza, kultura eta artearen bidez bi herrialdeen arteko harremana estutzea. Ekimenak kultura, sorkuntza garaikidea eta hizkuntza ardatz hartuta, diziplina anitzeko eskaintza zabala aurreikusten du.

Zabaldu: