(argazkia: Gerediaga elkartea)

Martxoaren 31ko bonbardaketan ehortzitakoen familiartekoak bilatzeko ikerketa abiatu dute, Durangon

Momentuz, lurperatuta dauden 82 izenetatik dozena bat ehortzitakoren familiartekoen erreferentziak aurkitu dituzte.

Durangok 1937ko Martxoaren 31n bonbardaketa handia jasan zuen. Ez zen bakarra izan, baina biktima gehien eta hondamendi handiena utzi zuen erasoa izan zen. Guztira, 336 biktima zuzen zenbatu ziren. Gehiago ere izan zirela diote, zeharkakoak kontuan hartu ezkero.

Erasoan hildakoak Durangoko kanposantura eraman ziren egunean bertan eta ostekoetan, eta asko hilobi komunetan lurperatu ziren. 2001.urtean, Jon Irazabal Gerediaga elkarteko historialariak 1937ko Martxoaren 31n izan zen bonbardaketari buruzko liburua idatzi zuen eta bertan hilobi komunetan ehortzitakoen zerrenda argitaratu zuen. “Biktima horiei buruz, baina, ez dakigu ezer gehiago. 82 gizon-emakumeri buruzko erreferentzia bakarra izen-abizenak kasu batzuetan, edota txarrenean lurperatu zituzten garaiko plaken erreferentzia-zenbakia baino ez dira”, azaldu du Durango 1936 Kultur Elkarteak.

Orain, ehortzitakoak identifikatu eta gaur egungo familiarteko eta ondorengoak bilatzeko ikerketa abiatu dute Gerediaga elkarteak eta Durango 1936 kultur elkarteak, Durangoko Udalaren babesarekin. Horretarako, Gogora Institutuak zabaldutako diru-laguntza deialdi batera ere aurkeztu dute egitasmoa. “Hiru hilabeteko egitasmo xumea izango da, 2021eko abendura arte, eta amaieran aurkitutako senitartekoekin topaketa egitea ere bada asmoa. Izan ere, bonbardaketen ondorioz, Durangoko kanposantuko hobi komunetan ehortzitakoei gune duina atontzeko aukera zabaldu daitekeelako”.

Gaur gaurkoz, dozena bat senitartekoren erreferentziak aurkitu dituzte, hilabeteko bidea egin duen ikerketan. Zentzu horretan, Durangoko Udalak hobi komun horien kokapena identifikatzeko eskaera ofiziala egin zion uda aurretik Gogora Institutuari.

Durangoko kanposantuko hobi komunetan sartutakoen zerrenda argitaratu dute Gerediaga (www.gerediaga.eus), Durango 1936 (durango1936.org) eta Durangoko udalaren (durango.eus) webgunean.

Norbaitek informazioa izango balu ikerketa egiten dabiltzan elkarteekin harremanetan jartzeko deia egin dute gerediaga@gerediaga.eus helbide elektronikora idatzita.

Zabaldu: