Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Iruñeko Udalak egindako prentsaurrekoan, aurtengo Bertsoaroa zikloa 2022ko martxora atzeratzea erabaki dutela jakinarazi dute, Nafarroako Bertsolari Txapelketarekin bat ez etortzeko.
Loitzate Goñi, Ekhi Rojo, Nora Mendia, Beñat Astiz, Saioa Alkaiza eta Eneko Fernandezen lanak izan dira aurtengo Iruñeko Bertsopaperak literatura lehiaketaren irabazleak. Halaxe jakinarazi dute Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Iruñeko Udalak Kondestablearen jauregian egin duten prentsaurrekoan.
Bertan, iazko lehiaketako irabazle Saioa Alkaizak ere parte hartu du. Urriaren 27an, haren lanean oinarritutako Biziraute saiakera bertso-saioa aurkeztuko da, Julio Soto, Sarai Robles, Sustrai Colina eta Uxue Alberdi bertsolarien eskutik. Egun horretan, emanaldia baino lehen, aurtengo lehiaketako sariak banatuko dituzte. Nafarroako Antzerki Eskolan izango da, eta sarrerak 5 euroan jarri dituzte salgai.
Bertsoaroa zikloa 2022an
Iruñeko Bertsopaperak literatura lehiaketaren irabazleak jakinarazteaz gain, udazkenean egin ohi den Bertsoaroa zikloa 2022ko otsailean egingo dela iragarri dute Bertsozalek eta Udalak, Nafarroako Bertsolari Txapelketarekin bat ez etortzeko. “Zikloak 30 urte baino gehiago daramatza emanaldiak eskaintzen, eta erreferente bihurtu da euskarazko programazioan, baita bertsolaritzaren zirkuituan bertan ere. Data berdinetan bat ez etortzeko eta hiriak urteko bi momentutan bertsolaritzaren onena izan dezan, ‘Bertsoaroa’ 2022ko martxoan eginen da”.