Gazteen proiektu kulturalei bultzada emateko, ‘Batera, kultur proiektuak elkarrekin’ deialdia martxan

Euskal Herriko 16 eta 30 urte bitarteko edozein gazte euskaldunei zuzenduta dago Batera, kultur proiektuak elkarrekin egitasmoa. abenduaren 21era arte egongo da izena emateko epea zabalik.

Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak Batera, kultur proiektuak elkarrekin diru-laguntzaren laugarren deialdia abian jarri du. Gazteen artean euskaraz garatuko diren kultur-proiektuak sustatzea du helburu deialdi honek.

Antolatzaileek azaldu dutenez, deialdian aukeratutako hiru proiektuetako bakoitzari crowdfunding egitasmo bat martxan jartzen laguntzeaz gain, 2.000 euroko ekarpena egingo diote.

Proposamenak aurkezteko bi hilabeteko epea izango dute gazteek, beraz, abenduaren 21era arte egongo da epea zabalik.

Euskal Herriko 16 eta 30 urte bitarteko edozein gazte euskaldunei zuzenduta dago Batera, kultur proiektuak elkarrekin deialdia. “Edozein ideiak balio du euskaraz garatzekoa bada, eta kulturarekin zerikusia badu”, adierazi dute antolatzaileek: “liburu edo disko bat argitaratu, ekitaldi bat antolatu, APP bat sortu, bideo-jolas bat garatu, euskarazko lelodun kamisetak egin… landu imajinazioa!”, gaineratu dute.

Aurkezten den proiektu bakoitzak gutxienez 3.000 euroko aurrekontua izan beharko du.

Batera deialdiak Laboral Kutxaren eta Vital Fundazioaren babesa izango du. Horrez gain, Gauekoak aisialdi programarekin eta Itsulapikoa.eus plataformarekin elkarlanean antolatuko da.

Proposamenak aurkezteko garatu nahi den proiektuaren laburpena oihaneder@oihaneder.eus helbidera bidali beharko dute interesdunek, oinarrietan azaldutako irizpideak jarraituz.

Informazio gehiagorako, hemen.

Zabaldu: