(argazkia: Kultur Sharea)

[Bideoa] Nikolasa Atxikallende, gorputzik gabeko emakumea

Edorta Jimenezek Nikolasa Atxikallende gogorarazteko liburua ondu du. Emakume ahaztu eta laidoztatu hori goratu nahi izan du Mundakako idazleak Nikole Bijotzekua izeneko liburuarekin.

Nikolasa Atxikallende 1873an Sukarrietako Abina baserrian jaiotako emakume gazte bat zen, historiara pasatzeko asmorik gabea, harik-eta, XIX. mendearen amaieran, bere herrira aisialdian ehizara etortzen zen bilbotar bat ezagutu zuen arte, Sabino Arana Goiri izenekoa. Atxikillende eta Arana ezkondu egin ziren, ez aurrez hainbat zailtasun eta traba gainditu gabe, ezkontideen arteko arrakala sozialari desegoki iritzita gizon ospetsuaren senide eta gogaideek; askoz larriagoak izango ziren, baina, hurrengo urteetan bidean suertatu zitzaizkien oztopoak: agintari espainiarrek Aranari egindako jazarpena, kartzelaldi eta epaiketetan gauzatua, besteak beste, eta Sabinoren beraren osasun kaxkarra, sufrikario etengabeaz gain, heriotza goiztiarra ekarri ziona, 1903an.

Nikoleren ibilbidea isilpeko itzalpera itzuli zen, Urdaibaiko bere betiko bazterrean, baina ez zuen bizitza erraza izan: bigarrenez ezkondu eta ostera geratu zen alargun; gerra zibilean kartzelan sartu zuten frankistek, eta, arantza guztietan beharbada mingarriena, zurrumurru gaizto eta gezur nabarmenak sortu ziren haren gainean, etsai ideologikoek bezainbat hurrekoek zabalduak.

Emakume ahaztu eta laidoztatu hori gogoratu eta goratu nahi izan du orain Edorta Jimenez idazleak (Mundaka, 1953) Nikole Bijotzekua (Elkar) izeneko liburuarekin.

Pandemia garaian idatzi zuen lana egileak, “nire egunerokoa da, egun horietan idatzi nuena, ikusten nuena, nire gogoetak eta tarteka Nikole eta Sabinoren historia, batik bat bien arteko maitasun gutunetan oinarritua”. Idazleak azaldu duenez, “Nikolek Sabinori idatzitako gutunak itxuraz ez dira gorde, baina Sabinok egindakoetatik ateratzen da baita ere emakumearen irudia negatibo baten moduan, zer falta den ikusten da”. Izan ere, egileak kontatu duenez, “emakume honek aipamenetan ez du gorputzik, ez adinik, ez izenik, batzuetan aipatzen dute Sabinoren emaztea dela, baina ez dute izenik esaten, ezta non jaio zen ere”.

Hala, Jimenezek hutsuneak bete egin ditu liburua ontzeko, “fikziotzat jo litezkeen gogoeta edo betetze lan batzuk egin ditut hutsuneetan, baina bestela, dokumentatua da, dokunobela da nahi bada, dokudramak egiten diren moduan, batez ere emakumea absentea egon delako. Emakumea ez da existitu, tira, existitu bai existitu zen, baina inon, itzalik ere ez dagoen pertsona horren bizitza nola berreraiki daiteke? Hori izan da erronka, eta berreraiki dudala uste dut, latza izan da, eta dena Sabino Aranarekin ezkondu zelako”, adierazi du idazleak.

Zabaldu: