(argazkia: Durangoko Azoka)

Durangoko Azokara sartzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea

Erreserba sistema baten bidez eman beharko da izena Landako gunean eta Plateruenan sartu ahal izateko. Landakon aldi berean 1200 bisitari sartu ahal izango dira, ordu eta erdiko bost txandatan.

Gerediaga elkarteak eta Durangoko Udalak Durangoko Azoka Eusko Jaurlaritzak ezarritako osasun-neurrietara egokitzea erabaki dute. “Bisitari eta kulturzale guztien segurtasuna bermatzea izango da Azokaren lehentasun nagusia, eta, horretarako, osasun-neurriak indartuko dira 56. edizioari begira”, adierazi dute.

Berritasun nagusia Landako gunean eta Plateruenan antolatuko diren Ahotseneako kontzertuetan egongo da. Bai Landako gunera zein Plateruenara sartzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea, Azokako webgunean sortuko den erreserba sistema baten bidez. Horrela, Landako gunean 1.200 bisitari egon ahal izango dira aldi berean erakusmahaiak bisitatzen, ordu eta erdiko tartean, bisita segurua eta erosoa izateko. Tarte hori amaitzerakoan, hustu egingo da Landakogunea hurrengo txandakoei lekua egiteko. Egunero, beraz, bost txanda egongo dira Landako gunera sartzeko, 10:00etatik 20:00ak arte eta erreserba beharko da sartzeko.

Plateruenaren kasuan ere erreserba-sistema jarriko da martxan Ahotseneako kontzertuetara joan ahal izateko. Abenduaren 4tik 8ra arte 50 kontzertu antolatu ditu Azokak Plateruenako eszenatokian. Musikazaleek aldez aurretik izena eman beharko dute zuzenekoez gozatu ahal izateko, www.durangokoazoka.eus webgunean martxan jarriko den erreserba sistema baten bidez. Plateruenan ez da ostalariatza zerbitzurik egongo eta ezin izango da inolako edari edo jatekorik kontsumitu, ezta Landako gunean ere, eta Landako gunean bezalaxe, derrigorrezkoa izango da maskararen erabilera uneoro.

Durangoko bi erakundeek, beraz, osasun-neurriak indartuko dituzte bisitari eta herritar guztien osasuna eta segurtasuna bermatzeko asmoz. Durangora gerturatuko diren bisitari guztiei ere arduraz jokatzeko deia egin diete: “Euskal kulturaren plaza bizirik mantentzeko ezinbestekoa da denon babesa eta konpromisoa. Konpromiso horren baitan ere, osasun-neurriak zorroztasunez betetzea eskatu nahi dizuegu. Arduraz jokatu behar dugu, kulturaz gozatzen jarraitu behar dugu segurtasunez eta erantzukizunez. Iaz Azokako taupada bizirik mantentzea lortu genuen; aurten ere Azoka izatea nahi badugu, ezinbestekoa da denok arduraz jokatzea eta osasun-neurri guztiak betetzea. Eta txanda-sistema honek ematen duen segurtasuna bermatuz, kulturzaleak animatu nahi ditugu Landakon sartzeko hitzorduak hartzera”.

Aurrez aurreko Azoka abenduaren 4tik 8ra antolatuko da. Landako gunean 220 erakusmahai egongo dira, eta hainbat kultur ekitaldi antolatuko dira Durangon. Guztietan osasun-neurriak betetzea ezinbestekoa dela diote antolatzaileek: “musukoaren erabilera, pertsonen arteko distantzia mantentzea eta abar”. Horrez gain, abenduaren 3tik 7ra, online denda martxan jarriko da webgunean, eta Azokako hainbat ekitaldi streaming bidez jarraitu ahal izango dira zuzenean.

Zabaldu: