(argazkia: Oihaneder)

Mikel Ayllonen ‘Zoriontsuak izatea aukeratu genuen’ liburuan oinarritutako antzezlana taularatuko dute Gasteizen

Liburuaren aurkezpen antzeztua Irati Onaindia eta Aritz Bengoa aktoreekin, Igor Arzuagaren musikarekin eta Pablo Ibarluzearen zuzendaritzapean burutuko da datorren igandean, 18:30ean.

Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak emanaldi berezia antolatu du datorren azaroaren 28rako, arratsaldeko 18:30ean. Alde batetik, Mikel Ayllon idazlearen Zoriontsuak izatea aukeratu genuen liburuari buruzko solasaldia entzuteko aukera izango dute Klaustrora hurbiltzen direnek, eta bestetik, liburuan oinarritutako Elkar ezagutu genuen eguna antzezlanaz gozatzeko aukera egongo da.

Ayllonek eta Igor Arzuaga musikariak Piszifaktoria esperimentazio taldea osatzen dute: 2015ean sorturiko proiektu honetan artearen diziplina desberdinetan aritzen dira bi artistak. Hain zuzen ere, artearen adierazpide desberdinen arteko mugak ikertu eta begiratzeko, esateko eta adierazteko modu berriak bilatzea dira laborategian prestatzen dituzten edabeen helburua.

Elkar ezagutu genuen eguna antzezlana

Liburuaren aurkezpen antzeztua Irati Onaindia eta Aritz Bengoa aktoreekin, Arzuagaren musikarekin eta Pablo Ibarluzearen zuzendaritzapean burutuko da.

Azaldu dutenez, “oreka ia ezinezko batean mugitzen den antzezlana da hau, eta gaur egungo hainbat gai jartzen ditu mahai gainean: ustezko normaltasun batek eragiten duen larritasuna; gero eta bakartuago bizi den gizartea; urrutiko harremanak; elkarrekin egoteko, hitz egiteko, maitasuna adierazteko edo sexua praktikatzeko teknologiaren erabilera…”

Hortaz, ondorengo galderaren inguruko gogoeta egiten du antzezlanak: “Zein da zoriontsua izateko ibili beharreko bidea?”

“Elkar ezagutu genuen egunean, hotz egiten zuen, otsailaren 7 guztietan bezala. Zure begiekin akordatzen naiz. Batez ere. Jende zoriontsuak izan ohi duen distira zeukaten egun hartan. Zoriontsuak ginela ematen zuen. Baina nola heldu ginen haraino? Zein da zoriontsua izateko ibili beharreko bidea?”.

Sarrerak gonbidapen bidez

Jarduera hau doakoa izango da, baina edukiera mugatua izango denez, gonbidapenak aldez aurretik eskuratu beharko dira. Lagun bakoitzak bi gonbidapen bakarrik eska ditzake. Gonbidapenak eskuratzeko hiru bide egongo dira azaroaren 18tik aurrera: Bibe plataforman: 18:30ean eta 20:00etan: telefonoz eskatuta (615.986.832), 10:00etatik 12:00etara; Oihaneder@oihaneder.eus helbidera idatzita.

Zabaldu: