Eneko Lazkozekin iritsi zen buruz burukora.
1.750 lagun elkartu ziren atzo Iruñeko Anaitasuna kiroldegian, aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala zuzenean jarraitzeko. 15:00etan ireki ziren aretoko ateak, eta behin pistako eta harmailetako aulkiak beteta, 17:00etan oholtzaratu ziren bertsolariak, zozketak erabakitako ordenean: Julio Soto, Saioa Alkaiza, Eneko Fernandez, Joanes Illarregi, Eneko Lazkoz, Josu Sanjurjo, Xabat Illarregi eta Xabier Silveira. Ander Aranburuk egin ditu aurkezle lanak, eta Alaitz Rekondo aritu zen gaiak ematen.
Ekitaldiaren lehen zatian, bost ariketetan aritu ziren zortzi bertsolariak: binaka zortziko handian, binaka zortziko txikian, banaka puntu erantzunean, binaka hamarreko txikian, eta banaka bakarkako lanean. Ariketa horietan Saioa Alkaizak eta Eneko Lazkozek bildu zuten puntu gehien, eta horrenbestez, haiek pasa ziren kartzelako lanarekin bukatu zuten eguneko saio puntuagarria.
Horren ostean iragarri zuten txapeldunaren izena. Hain zuzen ere, Alkaizak, Nafarroako Bertsolari Txapelketako bere lehen finalean eta 995 punturekin, irabazi zuen txapela. Zehazki, horrela gelditu zen finaleko sailkapena:
- Saioa Alkaiza (995 puntu)
- Eneko Lazkoz (992 puntu)
- Julio Soto (627,5 puntu)
- Joanes Illarregi (596 puntu)
- Xabier Silveira (592,5 puntu)
- Xabat Illarregi (582,5 puntu)
- Josu Sanjurjo (580,5 puntu)
- Eneko Fernandez (573 puntu)
Sei epailez osatutako epaimahaia izan zen bertsolarien lana epaitzeaz arduratu zena: Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria, Joseba Beltza, Mikel Beaumont, Nerea Bruño eta Saioa Mitxelena. Haien puntuazioek zehaztu zuten txapelduna eta sailkapen osoa. Lehen bost sailkatuek, gainera, 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartzeko eskubidea eskuratu zuten, Nafarroako ordezkari gisara. Iruñeko Nafarroa Arenan jokatuko da txapelketa horren finala.
Estitxu Arozenak jantzi zion txapela aurtengo irabazleari, eguneko unerik hunkigarrienetako batean. Modu horretan, bertsolari, bertso irakasle, eragile eta antolatzaile gisara bertsolaritzaren alde egindako lan eskerga eskertu nahi izan zion Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen izenean, lehendakaritza taldeko Igor Elortzak eman zion oroigarria txapeldunari. Gainontzeko sariak Nafarroako lau kultur elkarteko ordezkariek eman zituzten: Goizuetako Umore Ona, Iruñeko Zaldiko Maldiko, Lesakako Arrano eta Tuterako Beterri). Hala, elkarte horiek urteetan bertsolaritzaren alde egindako lanari keinu egin nahi izan zion antolakuntzak.