[Bideoa] Delirium Tremensek kontzertu berezia emango du 2022ko maiatzaren 28an, BECen

Taldeak disko berria ere argitaratuko du datorren urtean. Ordago da lan berriaren aurrerapen kanta.

37 urte igaro dira Mutrikuko Delirium Tremens taldeak lehen pausoak ematen hasi zenetik. Hirukote gisa sortu zen taldea, baina handik eta denbora batera, Iñigo Muguruza musikaria taldera sartu zen eta laukote izatera pasatu ziren. Horrela jarraitu zuten musikariek 1991ean taldea desegin zen arte.

Mauka diskoetxearen esanetan, bi zatitan banatu daiteke taldearen ibilbidea: Alde batetik, aktibo aritu ziren urteak (1985etik 1991ra), eta “denbora luzez, denon oroitzapenek osatu eta jantzi dutena”. Hori da Delirium Tremens gaur egun. Izan ere, “urte guzti hauek jarri dute taldea orain dagoen lekuan. Herri honetako rock musikak eman dituen talderik garrantzitsuenen artean”.

Taldeak lau disko argitaratu zituen: Zarrapo talde nafarrarekin batera kaleratutako Hemen denak berdinak dira (Oihuka 1987) izan zen lehena, Ikusi eta ikasi (Oihuka,1989) etorri zen gero, Hiru aeroplano (Oihuka, 1990) eta, amaitzeko, Bilbo zuzenean 91-5-24 (Esan Ozenki, 1991).

Laukote gisa, 1991ko azaroaren 30ean eman zuten azken kontzertua Venezian (Saturraran-Mutriku). Gaur, zuzeneko horretatik 30 urte betetzen diren honetan, taldearen hirugarren aroari hasiera eman nahi izan diote.

Delirium Tremensek argi utzi du ez dela bueltatu aurretik egindakoaz bizitzeko asmoz. Lehenbizi lagun eta gero taldekide izan zuten Iñigo Muguruzaren omenaldia prestatzerakoan, Andoni Basterretxea (ahotsa eta gitarra), Juan Jose Iurrita Txufu (bateria) eta Patxi Irisarri (baxua) taldekideak konturatu ziren garai bateko “delirioak” oraindik ere “tremendoak” direla, eta betiko abestiak eguneratzeaz gain, zain zeuden berriei ere lekua egin behar zitzaiela.

“2022ko udaberrian argitaratuko den disko oso bat egin dugu”. Ordago da lan berri horren aurrerapen kanta eta bideoklip batekin lagunduta aurkeztu dute gaur, Bilbon egin duten prentsaurrekoan.

Taldeak diskoa taula gainera eramateko gogoa agertu du. “Gure lehen kontzertua, 2022ko maiatzaren 28an izango da, Barakaldoko BECen. Hirukotea, baina, ez da urteak beteko dituen talde bakarra Des-kontrolek 25 urte beteko ditu datorren urtean eta McOnakek 10, “urteurren festa honetan bi taldeak izango ditugu gurekin”.

Ostiral honetan jarriko dituzte sarrerak salgai.

Zabaldu: