Maider Oleagaren 'Kinka' filma proiektatuko dute

Cortada, Gasteizko Film Laburren XXV. jaialdia abenduaren 15etik 18ra egingo da, Gasteizen

Film laburren jaialdiak bere proposamen zinematografikoa aurkeztu du hainbat jarduera artistiko paralelorekin batera: Super 8mm-ko tailer bat, kontzertu bat, sormen prozesuei buruzko hitzaldi bat eta azken proiekzio berezi bat.

Euskal Herriko Unibertsitateak Cortadaren edizio berezia antolatuko du abenduaren 15etik 18ra bitartean, Gasteizko Vital Fundazioa Kulturunean. Aurten sei programatan banatuko diren 28 film labur lehiatuko dira. Hauek 18:00etan edo 20:00etan hasiko diren saioetan eskainiko dira, doako sarrerarekin.

“Animazio, fikzio eta dokumental generoetako azken urteko ekoizpen onenak ekartzen saiatu gara”, adierazi du programazio taldeak. “Estatu espainiarreko zinema arloko izen handiak, Victor Moreno eta Clara Simon esaterako, eta zinema eskoletatik atera berri diren ikasle gazteen lanak elkarrizketan jartzen dituen programazioaz gozatuko dugu”.

Epaimahaia Gasteizko hainbat diziplina artistikotako hiru erreferentek osatuko dute: Katixa Agirre idazlea eta EHUko irakaslea, Ane Agirre komisario independentea eta Tabakalerako praktika garaikideen arloko arduraduna eta Helena Gonzalez programatzailea, kultur kudeatzailea eta GazteFilm Fest haur eta gazteentzako zinema jaialdiko zuzendarikidea.

Hauek dira banatuko diren sariak: Cortada film labur onena, Euskal film labur onena, Dokumental onena, Animazio onena eta Gureak film labur onena.

Jarduera paraleloak

Koldo Almandoz zinemagileak bere lanari buruzko hitzaldi bat eskainiko du abenduaren 15ean, arratsaldeko 18:00etan, Montehermoso Kulturunean. Almandozek bere ibilbideaz eta esperientziaz hitz egingo du. Antolakuntzaren hitzetan, “topaketa hau inspirazio iturri izan daiteke beren ibilbideari ekiten ari diren sortzaile gazteentzat”.

Ikus-entzunezkoak aztertzen dituzten adierazpen artistikoak sustatzeko asmoz, Sara Zozaya abeslari, konpositore eta multi-instrumentista gazteak Itziar Garaluce artista gasteiztarrarekin partekatuko du eszenatokia larunbatean, abenduak 18, 13:00etan, Jimmy Jazz aretoan.

Era berean, abenduaren 10ean, Zozayaren kontzertuaren baitan, HAZ Ikus Mugimendurako Laborategiaren laguntzarekin egindako Moztekoak eta itsaskorrak, ikusmen-aurkikuntzaren manipulazioa tailerraren emaitza proiektatuko da. Clara Sanchez Dehesa eta Nahikari Mora HAZ espazioaren kudeatzaileak, Rodrigo Sousa artista eta komisario independente brasildarrarekin batera izan ziren tailerraren arduradunak.

Abenduaren 18an, larunbata, arratsaldeko 20:00etan itxiera ekitaldia izango da, eta bertan, Marina Lameiro zuzendari gazte nafarraren Dardara dokumentala proiektatuko da. Emanaldia 21:00etan hasiko da KUBIK aretoan eta bertan izango dira zuzendaria eta Gorka Urbizu Berri Txarrak taldeko musikagile, gitarrista eta abeslaria.

Emanaldietarako sarrerak

Zozayaren kontzertua eta Almandozen hitzaldia doakoak izango dira. Dardara filmaren proiekziorako, berriz, 2 eurokoa izango da sarrera eta KUBIK aretoaren webgunean eskuratu ahal izango da.

Informazio gehiagorako: www.festivalcortada.eus

Zabaldu: