(argazkiak: Donostia Kultura)

Ane Arzelus ilustratzaile donostiarraren erakusketa Donostian ikusgai

Abenduaren 15etik 2022ko martxoaren 22ra bitartean bisitatu ahal izango da erakusketa, Donostiako Aiete Kultur Etxean.

Ane Arzelus ilustratzaile eta diseinatzailearen (Donostia, 1993) erakusketa ikusgai egongo da asteazkenetik aurrera, abenduak 15, Aiete Kultur Etxean Ilustratzailearen Txokoa izeneko programaren barruan.

Arzelusek txikitatik egiten zituen marrazkiak eta horretan jarraitu zuen ikasten zuen bitartean ere. Horregatik erabaki zuen ilustrazioaren inguruko ikasketak egitea. Hala, Sorkuntza eta Diseinuko Gradua burutu zuen Euskal Herriko Unibertsitatean Ilustrazioaren espezialitatean, eta ondoren, Argitaratze eta Publizitate Ilustrazioko Masterra ikasi zuen Madrilgo Trazos Eskolan.

Arzelus komunikazio bisualaz maiteminduta dagoen ilustratzailea da. Haren lanaren ezaugarri bi dira: batetik, ilustrazioaren kontzeptuak komunikatzeko eraginkortasuna eta bestetik, diseinu grafikoaren mundutik datorren “gutxiago gehiago da” filosofia. Hori dela eta, artista donostiarraren sorkuntzak berak sinesten dituen ideia eta balioak komunikatzeko bideak dira. Hala, bere ilustrazioetako askok feminismoa, jasangarritasuna eta buru osasunari buruzko hausnarketaren inguruko ideiak eta balioak transmititzen dituzte. Eta hauen kolore bizi eta zorroztasunari esker, irribarrea sortu nahi du horiek begiratzen dituen edonorengan.

Haur eta Gazte Literaturari dagokionean, Hitzen iruditegia (Denonartean, 2019) bere lehen liburua plazaratu du. Honetan, euskarazko hitzen gainean gogoeta egiten du ilustrazioekin lagunduta. Obra honekin Clap Platinum Price Nazioarteko Diseinu saria jaso zuen eta Bilbon bi urtez behin egiten den Selected 2020rako hautatua izan zen. 2021ean, Xomorro Lapurra albuma argitaratu zuen Irati Garmendia idazlearekin batera (Erein).

Sari eta aipamen ugari jaso ditu. Besteak beste, Ohorezko Aipamena jaso zuen 3×3 aldizkari amerikarrak antolatzen duen Nazioarteko Ilustrazio Aretoan, eta baita Euskal Irudigileak elkarte Profesionalak antolatzen duen Irudika Nazioarteko ilustrazio topaketa profesionaletan ere. Bere ilustrazioak Belgradeko Illustrofest Jaialdian jarri ziren ikusgai. Obra sortzaileenaren saria ere eskuratu zuen Artista Liburuen Donostia Sarien lehenengo edizioan.

2021ean Boloniako Liburu Azokak antolatutako Ilustratzaileen erakusketarako finalisten artean hautatua izan zen.

Gaur egun ilustratzaile eta diseinatzaile freelance gisa egiten du lan eta Euskal Irudigileak elkarteko kidea da. Galtzagorri elkarteak antolatzen dituen MarraziOak eta Biko-Teka ilustratzaileentzako formazio topaketetan ere parte hartu izan du.

Ilustratzailearen Txokoa

2012ko urrian, Aiete Kultur Etxean Ilustratzailearen Txokoa ireki zenetik, bertatik ilustratzaile klasiko eta berriak igaro dira: Iban Barrenetxea, Eider Eibar, Elena Odriozola, Antton Olariaga, Maite Gurrutxaga, Aitziber Alonso, Jokin Mitxelena, Estibalitz Jalon, Jon Zabaleta, Belen Lucas, Leire Urbeltz, Marrazioak topaketetako artistak, Asun Balzola, Iñaki Martiarena Mattin, Ainara Azpiazu Axpi, Concetta Probanza, Unai Zoco, Begoña Durruty, Dani Maiz, Lorena Martinez, Idoia Beratarbide, Tomas Hernandez Mendizabal, Iraia Okina, Dani Fano, Andrea Escargot, Iker Ayestaran eta Yolanda Mosquera, Asier Iturralde, Miren Asiain, Paul Caballero, Irrimarra bikotea eta Ana Ibañez. Orain, Ane Arzelusen txanda da.

Zabaldu: