(argazkia: Eusko Ikaskuntza)

Xabier Amurizak eta Jose Ramon Etxebarriak Lekuona Sariak jaso dituzte

2019 eta 2020ko Lekuona sarien emateak atzeratu behar izan zituzten pandemiagatik eta atzo banatu zituzten ekitaldi bateratu batean, Bilboko Kafe Antzokian.

Eusko Ikaskuntzak 1983an sortu zuen Manuel Lekuona Saria, euskal kultura eta zientziako pertsonek egindako ekarpenak, bere konpromisoa eta balio unibertsala aintzat hartu eta goraipatzeko asmoz. 2019ko edizioan Xabier Amuriza (Etxano, Zornotza, 1941) bertsolari, idazle eta ikerlariari eman behar zitzaion golardoa, “bertsolaritzaren birjaiotzaren” eta “tradiziotik modernitatera egindako jauziaren protagonista”, epaimahaiaren aburuz. Joan den urtean, berriz, Jose Ramon Etxebarria (Gernika, 1948) zientzialariak jaso behar zuen Lekuona Saria. Lanbidez ingeniaria, bere ibilbidean zehar zeregin garrantzitsua izan du euskararen normalizazioan Zientzietako goi-mailako hezkuntzan.

Xabier Amurizak eta Jose Ramon Etxebarriak euren sariak jaso zituzten atzo, Bilboko Kafe Antzokian egindako ekitaldi bateratuan. Hitzorduan erakunde instituzionaletako eta epaimahaiko ordezkariek parte hartu zuten, Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariarekin batera.

Urkizaren arabera, artista gisa “erreferente absolutua” da Xabier Amuriza. Jose Ramon Etxebarriari dagokionez,  euskararen alde egindako lana nabarmendu zuen Eusko Ikaskuntzako lehendakariak.

Sari ekitaldiaren ondoren, bi sarituen arteko elkarrizketa izan zen, bai eta bertaratutako publikoarekin ere. Horren zati bat Eusko Ikaskuntzaren Solasaldiak sailean zabalduko da.

Zabaldu: