(argazkia: Tanttaka Teatroa)

Tanttakak ‘Semea Pixka Bat Motelago Dabil Soilik’ antzezlana estreinatuko du urtarrilaren 14an, Arriagan

Ivor Martinićek idatzi du gidoia eta Fernando Bernuesek zuzendu du obra. Taula gainean hamar aktore ikusiko ditugu: Miren Arrieta, Klara Badiola, Mireia Gabilondo, Asier Hernandez, Ander Iruretagoiena, Xabi Lopez Jabato, Maria Redondo, Martxelo Rubio, Jose Ramon Soroiz eta Dorleta Urretabizkaia.

Tanttaka Teatroak Fernando Bernuesek zuzendutako Semea pixka bat motelago dabil soilik antzezlana estreinatuko du urtarrilaren 14an, Bilboko Arriaga antzokian.

Mia da obra honetako protagonista. Ezinbesteko emakumea da etxeko eguneroko martxan. Bere deabruen aurka borrokatzen da, ama, aita, alaba eta senar disidente bat zaintzen dituen bitartean. Bereziki Branko semea zaintzen du, mugikortasuna galarazten dion gaixotasun degeneratibo izengabe bat du honek. Brankok 25 urte bete ditu gaur eta familiak festa bat prestatu dio. “Umorez, sinpletasunez eta zintzotasun basatiz hitz egiteko detonatzailea da, noizbait axola izan zitzaigun guztiaz, beti axola izan beharko ligukeenaz: oroimena, familia, denboraren joana, desberdina dena onartzea, gaztetasuna, maitasuna, beldurra, bakardadea, edertasuna, abandonua, eromena, gaixotasuna… Bizitza”, azaldu du lantaldeak.

Ivor Martinićek  idatzi du Semea pixka bat mantsoago dabil soilik antzezlanaren gidoia eta ohiz kanpoko testua dela dio Tanttakak. “Sari ugari jaso ditu eta taularatzeak elkarren segidan gertatu dira herrialdez herrialde”.

Azaldu dutenez, “familia-etxea askotariko espazioa da, eta bertan hainbat egoera gertatzen dira, batzuk barregarriak, beste batzuk krudelak edo hunkigarriak eta sailkatzeko zailak direnak”. Deigarria da pertsonaien adin-aniztasuna: aitona-amonak, amak eta seme-alaba nerabeak daude, askotariko erregistro horrek aniztasun eta aberastasuna ematen dio piezari.

“Harrigarria da testua, arazorik gabe, gure inguruko errealitatean idatzita egon litekeela ikustea. Pentsatzerik dugu gure geografia industrialeko edozein auzo proletariotan gertatu ahal dela edo baserri giroko eta giro euskalduneko auzo batean. Idazlearen edo pertsonaien izena ezagutu gabe ez genuke inoiz pentsatuko Balkanetan idatzita dagoenik. Hori testu handiekin gertatzen da, erabat unibertsalak baitira”.

Taula gainean hamar aktore

Taula gainean, Miren Arrieta, Klara Badiola, Mireia Gabilondo, Asier Hernandez, Ander Iruretagoiena, Xabi Lopez Jabato, Maria Redondo, Martxelo Rubio, Jose Ramon Soroiz eta Dorleta Urretabizkaia aktoreak ikusiko ditugu.

Zabaldu: