Bailarako egungo kultura sustatzea eta etorkizunekoari indarra eta duintasuna ematea du helburu DAPek.
Debagoieneko Antzerki Plataforma (DAP) aurkeztu dute gaur goizean, Elorregiko biribilgunean. DAP bailarako antzerki eragileen arteko sare bat da, eta azaldu dutenez, “batera lan eginez, euskarazko kultura eta antzerkiari gure gizartean dagokion tokia eta garrantzia emateko lan egiten dugu”.
Hala, Debagoieneko egungo kultura sustatzea eta etorkizunekoari indarra eta duintasuna ematea dute helburu, izan ere, antzerkigintza, eta kultura orokorrean, gizartearen eraldaketarako giltza bezala ulertzen dute.
Bailarako antzerki eragile hauek azaldu dutenez, “antzerki eragile gisa, urteetan zehar kultur lanaren prekarizazioa, profesionalizazio falta, hobbie moduan ikusia izatea, babes falta eta gure lanaren garrantzia aitortua ez izatea izan dira gure egunerokotasuna. Hiriburuak izan dira beti kultur lanaren eta kulturgileen elkargune, herrietan eta Debagoiena bezalako bailaretan hauen presentzia minimoa izan delarik. Aldi berean, bakoitzak bere aldetik lan egiteko joera izan du; honek gabezia handiak sortu ditu eta honez gain, krisialdien aurrean erantzuteko gaitasuna txikitu du. Hala bada, orain inoiz baino gehiago, horri aurre egiteko beharra ikusi dugu, eta horregatik sortu dugu DAP”.
Elkarte moduan 2017an sortu zen arren, 2021ean ekin zioten indarrez bide berriari: D2030 egitasmoaren baitan, urtebetez DAP proiektu kulturala garatzeko eta martxan jartzeko aukera izan dute. Honi esker DAPek eskala aldaketa bat izan du eta bailara mailako proiektu bat diseinatu dute. Horretarako, hainbat lan lerro jarriko dituzte martxan. “Egia esan, horietako bi dagoeneko, martxan daude: DAP Formakuntza eta DAP Komunikazioa”. Gainerakoak dira DAP Bidelagun, DAP Plazara! eta DAP Sormena.
Urte honetarako asmoak
Urteko lehenengo sei hilabeteetan formakuntzarekin jarraituko dutela iragarri dute eta talde jarraiak sortu ez diren herrietan antzerki tailerrak proposatuko dituzte. Horretarako, Antzerki Inprobisatuko ikastaroa egongo da otsailean eta martxoan: hiru saio egingo dira, bata Elgetan, beste bat Aramaion eta azkena Eskoriatzan.
Formatu berdinarekin apirilean eta maiatzean Clown ikastaroa egingo da. Honekin batera, DAP Bidelagun martxan jarriko dute eta horretarako, Debagoieneko hainbat herri eragilerekin topaketak antolatuko dituzte, DAPen ibilbidea elkarrekin landu ahal izateko eta guztien artean Debagoienako etorkizun kulturala imajinatu ahal izateko.
Honen ostean, ikasturtea amaitzeko, Debagoieneko Antzerki Jaialdia ospatzeko asmoa dute. Hala, lau egunetan zehar bailarako herri guztietan ekintzak antolatuko dituzte.
Hurrengo ikasturtera begira, DAP Formakuntzako antzerki eskolak eskaintzen jarraituko dute, gaur egun dituzten taldeak mantendu eta berriak sortzeko asmoz. Horretaz gain, programaketan eta sormenean eragiteko, udazkeneko antzerki programaketa proposatuko dute irailetik hasi eta urte amaierara arte. Honen berezitasuna izango da ekintzak ez direla ohiko espazioetan egingo.