Proposamen artistiko honek dantza eta musika zuzeneko pinturarekin uztartzen ditu.
Iruñeko Geltolki elkarteak Gastro Showa aurkeztu du aurten ere. Bertako produktuak, gastronomia eta arte eszenikoak batzen dituen ekimen berritzailea da honakoa.
Edizio honetan Jum! & Alatz izeneko ikuskizuna taularatuko dute hilaren 28an, arratsaldeko 20:30ean.
Jum!&Alatz diziplina anitzeko ikuskizuna da, zuzeneko musika, dantza eta pintura uztartzen dituena. Baku Barrikupeleko artisau-familiak koordinatuta, ikuskizuna Lizarraldeko lehorreratze artistiko bat da Iruñean. Alde batetik, Jum! taldeko musikariek hartuko dute parte eta, bestetik, Alatz Lameiro artista plastikoa arituko da. Hori guztia Baku Barrikupelen artisau-lanparekin girotuta. Antolatzaileek adierazi dutenez, “performance honek ez du inor epel utziko”.
Sarrerak salgai jarri dituzte jada, hemen.
Geltoki proiektuak elkartasunezko giza ekonomiaren promozioan, ekonomia autosufizientean eta modu zabalean eta anitzean gizartearen ehunduran lagundu nahi duen ekimen bat da. Horretarako hiriko autobus geltoki zaharreko leihatilen gunea eta kafetegia erabiltzen ditu, 900 metro koadroko eremu zabala.
Leihatilen gunea arte zirkuitu komertzialetik at dauden bertako artisten lanak sustatu, ikusarazi eta zabaltzeko erabiltzen dute, eta bertan, euren adierazpen artistikoen erakusketak topatu daitezke. Gainera, ekonomia eredu alternatiboen edota elikadura burujabetzaren inguruko erakusketak ere badaude. Honetaz gain, Geltoki bertakoak, ekologikoak, artisauak eta berreskuratutako produktu eskaintza zabala duen salmenta gune bat du.