Bertsoaroa zikloa otsailaren 10etik 24ra egingo da Iruñean

Aurtengo edizioak ere unean uneko bertsolaritzaren berri kalitatez eta aniztasunez ematea du helburu.

Nafarroako Bertsolari Txapelketa udazkenean jokatzeak Bertsoaroa zikloa egutegian mugitzea ekarri du. Iruñeari egiten zaion bertsolaritza eskaintza orekatu nahi izan dute horrela Nafarroako Bertsozaleko kideek. Otsailaren 10etik 24ra egingo da, beraz, Bertsoaroaren 31.edizioa, eta azaldu dutenez, aurtengo edizioak unean uneko bertsolaritzaren berri kalitatez eta aniztasunez ematea du helburu.

Denetara sei emanaldi izango dira: hiru bertso jaialdi, eRRe eta Bederatzikoa emanaldi bereziak eta Bertso jasa, bat-bateko jolasa haurrentzako tailerra. Urteroko apustuari helduz, Nafarroako bertsolariei eta bertsolari gazteei protagonismoa eman nahi izan diete antolatzaileek.

Antzerki Eskolan egingo diren hiru emanaldiek bosna euroko sarrera izango dute, eta denentzako bonoa eskuratu ahal izango da 12 eurotan (sarrerak salgai antzokiaren webgunean). Bertso jasa tailerrerako izena eman beharko da aldez aurretik, nafarroa@bertsozale.eus helbidera mezua idatzita. Beste bi emanaldiek sarrera librea izango dute, aforoa bete arte.

Sei emanaldi

Bertsoaroaren 31. edizioa, ohikoa den gisan, lehen mailako bertso jaialdi batekin abiatuko da. Alaitz Rekondo arduratu da gaiak prestatu eta jartzeaz, eta, haiei kantari arituko dira sei bertsolari. Oholtza berean elkartuko dira ibilbide eta herrialde ezberdinetako bertsolariak, tartean, lau txapeldun, eta denen artean osatuko dute egungo bertsolaritzaren argazkia. Otsailaren 10ean izango da saioa, Nafarroako Antzerki Eskolan, 19:00etan.

Otsailaren 15ean, berriz, toki eta ordu berean, eRRe emanaldiak hartuko du lekukoa. Jendartea zatitzen duten dikotomiak eta etiketak abiapuntu hartuta, aipatu dualismoetan hausturak proposatzen ditu ikuskizunak. Dramatizatutako bertso-paperek osatzen dute emanaldia, eta antzerkiaz gain, helduentzako ipuin-kontaketak eta poesiak ere badute lekua. Lana otsailaren 5ean estreinatuko da Durangon, eta bigarren emanaldia izango da Iruñekoa.

Aurten ere bertsolari gazteen saioa jasoko du zikloak. Otsailaren 17an izango da, Katakraken. “Urteak badira Bertsoaroak, bere egitarauan, leku egiten diela bertsolari gazteei ere. Aurten ere helduko zaio apustuari, bertsolaritzaren orain eta etorkizun diren horiei plazan trebatzen eta kantatzen segitzeko aukera emanez”.

Haurrentzako tartea ere eskainiko du zikloak. Aurreko urteetan bezala, Bertso jasa, bat-bateko jolasa tailerra eskainiko da, otsailaren 19an, Txantreako Salestarretan. Haur eta gaztetxoez osatutako publikoari zuzendutako bertso-saioak izango dira. Haurrek jolas eta ariketen bitartez gaiak eta egoerak proposatzen joango dira, eta modu horretan, bertso saioa osatuko dute bi bertsolari gonbidatuek. 8 eta 12 urte arteko haurrei eskainiko zaie tailerra.

Otsailaren 22an Bederatzikoa izeneko emanaldi berezia eskainiko da, Kondestable Civivoxeko areto nagusian. Obrak bederatzi sinfonia osatu zituen Beethovenen obra eta bizitzari egiten dio errepasoa, bertsolaritzak berezkoa duen bederatzi puntuko neurriari ere erreferentzia eginez, eta neurri horretan kantatu diren bertso antologikoak publiko aurrera ekarriz. Bertsoa eta pianoaren musika nahastuko dira, beraz, oholtza berean.

Otsailaren 24an amaituko da aurtengo Bertsoaroa, eta ohikoa den bezala, bertso jaialdi batek jarriko du amaiera. Oholtzan izango dira puntako bertsolariak, ibilbide luzekoak eta gazteak, nafarrak eta beste herrialdeetakoak. Tartean, Nafarroako azken txapelketako txapeldun eta txapeldunordea. Denen artean, egungo bertsolaritzaren berri eskainiko dute, ziklo osoari amaiera biribila jarriko dion emanaldian.

Zabaldu: