(argazkia: Jetmir Idrizi)

Albertina Carri argentinar zinemagileak jasoko du Zinegoak 2022 Ohorezko Saria

Otsailaren 28an Arriaga antzokian egingo den inaugurazio ekitaldian jasoko du sari nagusia. Jaialdiak zuzendari argentinarraren obrari buruzko ziklo berezia antolatu du.

 Bilboko LGTBI+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiak Albertina Carri argentinar zinemagile eta ekintzailearen lana goraipatu nahi izan du, jaialdiaren Ohorezko Saria emanez.

Alaitz Arenzana Zinegoakeko zuzendari artistikoak azpimarratu duenez, “Carri Hego Ameriketako sortzaile belaunaldi berri baten ahotsik nabarmenetakoa da. Bere lana etengabeko esplorazio bat da, begirada hegemonikotik kanpo geratzen den guztiari ikusgarritasuna emateko, hizkuntza propioen bidez”.

Argentinarrak ibilbide luzea du zuzendari, gidoilari, ekoizle eta aktibista feminista gisa. Buenos Airesko Universidad del Cine Fundazioan gidoigintza ikusi zuen, eta hainbat film labur egin ditu, hala nola, Excursiones, Aurora, Historias de Argentina en vivo eta Barbie también puede estar triste (denak 2001ean), Fama (2003), De vuelta (2004) edo Restos (2010), besteak beste.

Rotterdam, Londres edo Vienako jaialdietan aukeratutako No quiero volver a casa (2000) bere lehen film luzearen ondoren, Carrik bidaia hasi zuen bere bizitzan inoiz egon ez zenaren bila: bere aita eta ama, Roberto eta Ana Maria, intelektual eta militante iraultzaileak, 1977ko diktadura militarrak bahituak eta berak lau urte besterik ez zituenean desagertuak. Bilaketa hori hurrengo film luzeetan ere islatuko da: Los rubios (2003) eta Cuatreros (2017) hipnotiko eta bizia.

Hutsuneak ulertzeko bidaia honekin batera, zinemagileak ere sexualitatea landu du bere zinemagintzan, arau, patroi eta jarrera normatiboen aurrean askatasuna eta autonomia aldarrikatuz. Geminis (2005) eta La rabia (2008) filmetan, sexua ardatza da narrazioaren garapenerako eta pertsonaien definiziorako. Baina sexualitatearen, zinemaren, askatasunaren, politikaren eta feminismoaren arteko lotura handiena Las hijas del fuego (2018) filmean landu zuen. Berak deskribatu eta azpimarratzen duen bezala, “pornografia lesbofeminista da, generoaren konfigurazio berri bat bilatzen duena, adiera posible askotan”. Horrez gain, emakumeen gozamena erakusteko modua ere berreraikitzea bilatzen du, begirada maskulinotik urrunduta, erotizazioa besterik nahi ez duena.

Zinemaz gain, Carrik telebistarako saioak ere sortu ditu Marta Dillonekin batera, hala nola, La bella tarea, emakumeen haurdunaldiari eta erditzeari buruzko ikuspuntu ezberdinak dituen dokumental saila; Visibles, LGTBI+ argentinar errealitateari buruzko dokumental formatua edo 23 pares fikzioa. Asterisco LGTBI+ Nazioarteko Zinemaldiaren sortzailea ere izan da.

Ohorezko saria emateaz gain, Bilboko jaialdiak Carriren zinematografiari buruzko ziklo berezi bat antolatu du, martxoaren 1etik 4ra bitartean, BilboArten. Bertan, argentinarraren hainbat lan proiektatuko dituzte, jaialdiak irauten duen bitartean. Halaber, otsailaren 27an, hasiera ekitaldiaren bezperan, Zinegoakek Las hijas del fuego proiektatuko du, 18:3ean BBK Aretoan. Carrik solasaldian parte hartuko du Irantzu Varela kazetari eta aktibista feministarekin batera.

Zabaldu: