Irakurzaletasuna eta euskararen erabilera bultzatzea du helburu lehiaketak. Lanak aurkezteko epea apirilaren 13ra arte egongo da zabalik.
Beste urte batez, Ilustrazio eta Ipuin Lehiaketaren edizio berri bat abiatu du Elkar Fundazioak, irakurzaletasuna eta euskararen erabilera bultzatzeko asmoz. Horretarako hiru modalitate antolatu dira, haur eta gazteen adinaren arabera: Ipuina ilustratu, Ilustrazioa ipuin bilakatu eta Komikia edo bineta sortu.
Hala, Edu Zelaietak eta Txabi Arnalek idatzitako “Hiru lehoi” ipuina irakurri eta ilustratu beharko dute txikienek (Haur Hezkuntza 4tik Lehen Hezkuntza 4ra). Koxkorragoek (Lehen Hezkuntza 5etik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza 2ra), berriz, Alai Zubimendik sortutako ilustrazioan oinarritu beharko dute beraiek sortutako ipuina. Azkenik, komiki ala binetaren atalean, DBH3 eta 4ko ikasleek euskal pertsonaia baten biografia edota bizitzaren pasarte bat komiki ala bineta bihurtu beharko dute.
Epaimahaiak lanen originaltasuna, kalitatea eta emandako ipuin, ilustrazio edo gaiaren esentzia jasotzea baloratuko ditu. Epaimahaia haur eta gazte literaturan aditu diren lagunek osatuko dute.
Parte hartuko duten haur eta gazteei zuzendutako sari ederrez gain, ikastetxeei eskainitako sari bereziak izango dira hamalaugarren edizioan ere. Alde batetik, Laboral Kutxak bi ikasgelarentzat saria emango du; bestetik, Irrien Lagunen Klubak ikuskizun batekin sarituko du ikastetxe parte-hartzaileetako bat.
Ipuinak, ilustrazioak eta komiki ala binetak aurkezteko epea apirilaren 13ra arte izango da. Oinarriak, hemen.