(argazkiak: BiTanta)

Naia Arantzamendi zinemagileak Donostiako setioari buruzko filma errodatu du asteburu honetan

Sutan du izena filmak eta 1813. urteko Donostiako setioa islatzen du, ikuspegi, espazio eta egoera zehatz batetik abiatuta. Naroa Miguel Arregik, Joseba Usabiagak eta Iker Galartzak osatzen dute aktoreen zerrenda.

Naia Arantzamendi zinemagileak (Ondarroa, 1994) zuzendutako Sutan film laburraren errodaje lanak burutu dituzte asteburu honetan, Andoaingo hainbat txokotan.

Donostiaren historiako gertaera lazgarrienetarikoa izan zena oinarri hartuta, istorio unibertsal bat sortu du egileak, kontakizun ofizialetik ezabatuak izan ziren ahotsei garrantzia emanaz. Izan ere, basakeria horren ondoren, 79 lekukotza jaso zituzten hiri harresitu hartan gertatutakoa ezagutzeko. Testigantza guztiek zerbait komunean zeukaten: emakumeek ordaindu zuten prezio altua. Hala ere, kontakizun horietatik bi baino ez ziren emakumeek emandakoak. Honen aurrean, “benetakoa izan zitekeen fikziozko testigantza bat” sortu du Arantzamendik, “ez dut hitzekin kontatu nahi izan, erakutsi baizik, eta batez ere, sentitu. Protagonistarekin bat egin, eta berak sentitzen duena nik ere sentitu. Bera jarraitu, eta berarekin bidea egin”.

Proiektuak Zinea.eus hedabide digitalak 2020. urtean sustatutako gidoi lehiaketa du abiapuntu, Arantzamendi lehen edizio horretako garailea izan baitzen. Euskal Herriko unibertsitatean Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen zinemagileak, eta Madrilera jo zuen gero gidoigintzan espezializatzera. Idaztea da ondarroarraren pasioa, eta I. Film Laburren Gidoi Lehiaketaren berri izan zuenean buruan bueltaka zuen proiektuari heltzeko erabakia hartu zuen. Bada, edizioko irabazle hautatu zuen epaimahaiak.Aktoreen artean, Naroa Miguel Arregi haurrak bete du Juana protagonistaren papera, eta Joseba Usabiagak eta Iker Galartzak antzeztu dituzte gerrariak.

Lantaldeari dagokionez, Arantzamendirenak dira proiektuaren jatorrizko ideia eta gidoia, eta bera arduratu da filmaren zuzendari lana betetzeaz. Harekin izan ditu Ainara Mendiola, zuzendari laguntzaile, eta Maialen Sarasua Oliden, script eta muntatzaile lanetan. Maluta Films ekoiztetxeko Ritxi Lizartza izan da ekoizle-eragilea; Cris Fraile produkzio burua; eta Alex Sueriasek, Victor Rodriguezek, Iban Toledok, Javier Sevak eta Ioritz Dominguezek osatu dute argazki-taldea. Lander Llorens arduratu da soinuaz; Telmo Tola aritu da figuringile; eta Nerea Berroeta zein Sandra Vicente izan dira arte-zuzendariak.

Zabaldu: