(Ikastolen Elkartea)

Iparraldeko ikasleek azterketak euskaraz egiteko duten eskubidearen aldeko elkarretaratzeetan parte hartzeko deia egin dute

Ikastola guztietan egingo dira elkarretaratzeak martxoaren 4an.

Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak, Seaskako ordezkariekin eta Azterketak Euskaraz! kolektiboarekin batera, guraso, langile eta euskaltzaleak deitu ditu Iparraldeko ikasleek azterketak euskaraz egiteko duten eskubidearen alde martxoaren 4ean, ostirala, ikastola guztietan egingo diren elkarretaratzeetan parte hartzera.

Baxoari dagokionez, ikasleek oraindik ez dakitela zein hizkuntzatan egingo dituzten Batxilergoko Berezitasuneko bi probak eta Ahozko Handia salatu dute. Abenduaren 14ko zirkularrak dio “proba batzuk” euskaraz aurkeztu ahalko direla. “Baina, momentuz, ezezkoan daude, eta kezkatuta gaude Frantziako hezkuntza instituzioen jarrerarekin. Zirkular hori, aurrerapauso bat izan ordez, atzerakada bat izateko arriskuan da. Ezin dugu 30 urte atzera egin”, adierazi dute.

2019an, Euskararen Erakunde Publikoarekin (EEP) eta Frantziako Hezkuntza agintariekin hitzarmen bat sinatu zuten ikasleek azterketa hauek euskaraz egin ahal izateko. Hezkuntza agintariek, ordea, akordio hori berrinterpretatu egin nahi dute eta azterketak euskaraz egiteko aukera mugatu. Hitzarmena bete egin behar dela diote, eta ikasle guztiek aukera izan behar dutela Ahozko Handia euskaraz egiteko.

Brebetari dagokionez, berriz, “ez dugu onartuko beronen antolaketarako arazo teknikoen aitzakiarik. Bost hilabete barru izango dira probak, eta nahikoa denbora badago horien zuzenketa antolatzeko. Guretzako ez dago dudarik, azterketak euskaraz egiteko eskubidea dute gure ikasleek, eta Brebetan eta Baxoan ez badugu aurrerapausorik, beren eskubideak errespetatuak izan arte borrokatzeko prest gara”.

2022ko Brebeta eta Baxoaren inguruan Frantziako Hezkuntza agintarien erantzunaren zain dauden bitartean, agintari akademikoak zigorren bidez erantzuten ari direla ere azpimarratu dute. Iragan ekainean, hainbat irakaslek bat egin zuten ikasleek azterketak euskaraz pasatzeko duten eskubidearekin, eta frantsesez egindako Brebetako zientzietako azterketak zuzentzeari uko egin zioten. Bordeleko Akademiari jakinarazi zioten erabakiaren berri, zerbitzua antola zezan. Baina legezko eskakizun horri, desobedientzia zibileko ekintza horri, sei hilabete berantago, azterketen zuzendariak, Bordeleko Akademiako Errektoretzaren izenean jarduten duenak, zigor ekonomikoekin erantzun dio: “Zuzenketara ez aurkeztea justifikatu gabeko huts egite bat” dela esan, eta irakasle horiei soldata atxikipen bat egin die.

“Gure elkartasuna adierazi nahi diegu irakasle hauei, eta Bordeleko Errektorearen jarrerarekin dugun kezka sakona partekatu nahi dugu”.

Era berean, Iparraldeko ikastoletako guraso, langile eta ikasleei Euskal Herriko ikastola guztien elkartasun eta babes osoa adierazi nahi izan diete, eta erakutsi Frantziako hezkuntza agintariak ez direla ari Seaskaren aurka soilik, ikastola mugimendu guztiaren aurka baizik.

Halaber, erakundeei, alderdi politikoei eta gainerako eragileei ere dei egin diete. “Hau ez delako, arestian esan bezala, Seaskako komunitatearen aurkako erasoa bakarrik; hau, euskarari, euskal kulturari, euskaraz bizi nahi duen herri bati egiten zaion erasoa da. Ikastola guztiak bat eginda gaude eraso honi aurre egiteko, baina erakunde, alderdi eta gainerako eragileek ere badute erantzukizuna”.

Amaitzeko, euskal gizarteari ere dei egin diete deia, “Seaskako komunitateak herritarren hatsa izan dezan, Frantziako Hezkuntza agintariak ohar daitezen ez dugula onartuko gure ikasleei azterketak euskaraz egiteko eskubidea ukatzea eta prest gaudela borrokatzeko gure hizkuntza eskubideak errespetatuak izan arte”.

Zabaldu: