Euskal Herria Zuzenean festibala kostaldera hurbilduko da aurten. Izan ere, larunbatean, martxoaren 26an ekimen bat antolatu du Miarritzen. Festibalaren 26. edizioa, berriz, uztailaren 1, 2 eta 3an egingo da Irisarrin.
Azken bi edizioetan egin duten bezala, Irisarrira itzuliko da aurten ere Euskal Herria Zuzenean festibala, uztailaren 1etik 3ra bitartean, eskaintza zabal batekin: musika, ikuskizunak, mintzaldiak, haurren gunea, kanpalekua, plaza, pentzea… denetatik izango aurtengo edizioak.
Hala ere, uztailera arte itxaron nahi ez dutenentzat, beste hitzordu bat proposatu dute larunbaterako, hilak 26, Miarritzen. Hala, festibalak udaberria itzuli dela ospatu nahi du musika eta kultura orokorrean biltzen duen egitarau batekin. “Azkenean, gibelean uzten dugu berriz negua, eta udaberriari gogotsu eginen diogu harrera. Hartza esnatu den bezala, EHZko laguntzaileak ere jaiki gara eta lanean hasi”, adierazi dute antolatzaileek.
Uztaileko jaialdiari dagokionez, dozena bat batzordetako kideak lanean ari dira dagoeneko hitzordu “ahaztezin” bat prestatzeko.
Larunbat honetako hitzordua, berriz, arratsaldeko 17.00etan izango da Le Royal zinema aretoan: Amets Arzallus eta Marc Parramon-ek zuzendutako Altsasu (gau hura) dokumentala proiektatuko dute eta ondoren, Arzallus berarekin solastatzeko aukera izango da.
19:00etatik aurrera, berriz, poteo alaitua egingo da Miarritzeko ostatuetan gaindi, Rakata’punk txarangaren eskutik. Gaualdia Mizanbu gaztetxean bukatuko da. Antolakuntzak aurreratu duenez, arratsaldean zehar zenbait sorpresa ere izango dira.