Beintza Labaienen iaz aurkeztutako proiektua. (argazkia: Nafarroako Gobernua)

‘Oinak hodeietan’ programarako proposamen eszenikoak aurkezteko deialdia zabalik da

Hirugarren edizio honetan arte eszenikoen arloko profesionalak laguntzea izango du xede egitasmoak. Proposamenak aurkezteko epea apirilaren 20an amaituko da.

Nafarroako Gobernuak eta Baluarte Fundazioak Oinak hodeietan programa aurkeztu dute Nafarroako arte eszenikoen arloko profesionalak lagundu, lurraldeko kultura programazioa dibertsifikatu eta antzerkia, zirkua, magia edo dantza ikuskizunetarako espazio berriak izateko. “Publikoari kultura eta arteaz gozatzeko bestelako esperientzia bat proposatu nahi diogu”, azaldu dute.

Programak Nafarroako konpainien formatu txiki edo ertaineko ikuskizunak eramango ditu abuztuan monasterioetara, aztarnategi arkeologikoetara, gazteluetara, basoetara eta ondare kultural eta natural handiko beste leku batzuetara. Hala, “bai tokia bai proposamen artistikoak elkar aberastuko dira, eta ikusleak bien edertasunaz gozatu ahal izango du esperientzia berean”.

Proposamenak aurkezteko epea zabalik da

Nafarroako konpainia eszeniko profesionalek gaurtik aurrera aurkez ditzakete beren proposamenak, programazioaren aukeraketan kontuan har daitezen. Deialdiaren oinarriak eta izena emateko inprimakia Baluarte Fundazioak webgunean kontsulta daitezke.

Proposamenak aurkezteko epea apirilaren 20an amaituko da. Antolatzaileek zehaztu dutenez, “lengoaia eszeniko ezberdinak dituzten proposamenak eta ikusle ezberdinei zuzendutako ikuskizunak egongo dira programazioan. Aukeraketan ikuskizunen kalitatea eta espazioen egokitasuna kontuan hartuko da. Programazioan euskarazko proposamenen bat egotea ere ezinbestekotzat joko da”.

Zabaldu: