Errealitate digitalaren paradigmaren inguruko topaketa esperimentalak antolatu dituzte Tabakaleran

Medialabek antolatutako Immaterial topaketak arlo digital eta birtuala ardatz dituen  programa oparoa hartuko du gaurtik igandera bitartean, hainbat adituren parte-hartzearekin. Gainera, espazioa zabalik izango da bisitariek mundu birtualera hurbiltzeko esperientziak bizi ditzaten.

Immaterial errealitate digitalaren paradigmaren inguruko topaketa esperimentala da. Antolatzaileek azaldu dutenez, “printzipioz interes edo profil jakin batzuk dituzten pertsonekin erlazionatzen dugu presentzia digitalaren paradigma, hala nola, bideojokalariak, adin-tarte edo azpikultura jakin batzuekin. Baina, gizartearen ludifikazioak eta ikusizko kulturaren logikek gero eta gehiago interpelatzen gaituzte bideo-jokotik eratorritako kode eta lengoaietan, eta birtualtasuna leku immaterial eta erreal gisa planteatzen duten lurralde digitaletara garamatzate gero eta sarriago”.

Hala, Immaterial programak espazio birtualaren eta horrek dituen logiken inguruko topaketa proposatzen du. Avatarra, autoantzezpena, lekuan egotea edo gorputzak digitalki ulertzeko moduak aztertuz. Espazio birtual bezala izendatzen direnei buruzko topaketa da, hauek gizarte harremanetarako, praktika kulturalerako eta esperimentazio artistikorako gune diren heinean. Digitalki bitarteraturiko harreman ez fisikoetan gertatzen diren errealitateak publikoari aurkeztea du helburu topaketak, eztabaida honetan  gaur egun agertzen diren gakoetako batzuk azalduz. Horretarako, ingurune edo playground bat sortzen saiatuko dira, arlo fisikoa eta birtuala, sormen praktika eta praktika teorikoa, arlo ludikoa eta politikoa hibridatzeko asmoz. Hau lortzeko, eragile eta kolektibo aktiboen ikuspegiak eta praktikak batuko dira espazio horietan, eta beren ikuspuntu tematikoak ekarriko dituzte, haien erreferentziazko komunitateak gonbidatu eta erakartzeko.

Topaketa Tabakalerako 2deo euskarazko ikus-entzunezko laborategian izango da, eta espazioa hainbat gunetan banatuko da: lantegia, Immaterial TV, errealitate birtualeko betaurrekoak probatzeko gunea…

Errealitate birtualeko betaurrekoak, gaur, martxoak 31, arratsaldetik aurrera egongo dira erabilgarri.

Zabaldu: