Iban Arronizen obrak (argazkia: Vital Fundazioa)

Papera euskarri erabiltzen duten Arabako lau artistaren talde-erakusketa ikusgai Gasteizen

Dorleta Ortiz de Elguea, Koko Rico, Iban Arroniz eta Joaquin Lararenak dira  maiatzaren 1era arte Ikusgai izango diren lanak.

Gasteizko Vital Fundazioa erakusketa-zentroak Dorleta Ortiz de Elguea, Koko Rico, Iban Arroniz eta Joaquin Lara artista arabarren talde erakusketa hartuko du maiatzaren 1era arte. Papera euskarri erabiltzea da artista hauek guztiek komunean duten ezaugarri nagusia.

Erakusketa honetan, Dorleta Ortiz de Elgueak bere 2021eko ekoizpen plastikoaren parte diren hamahiru lan aurkeztuko ditu, eta 2022koren bat. Lan horietan, espresibitatea askatu du teknika mistoetan egindako marrazki- eta pintura-lan hibridoetan, mota guztietako pigmentuak erabilita: grafitoa, tintak, koloretako arkatzak, purpurinak, etab., eta, batzuetan, testuingurutik kanpoko grafiak ere sartzen ditu. Serie honek badu berezitasun bat, zuri-beltzeko lanetatik hasi eta kolore-eztanda batean adierazitako lanetaraino doala.

Iban Arronizek Fossa Sanguinis bere seriea aurkeztuko du, gouachez, koloretako arkatzez, tintaz eta artistak berak bere buruari ateratako odolez egindako formatu txikiko hamalau marrazkiz osatua. Fossa Sanguinis termino latinoak Erroma Klasikoan egiten zen eraikuntza mota bati egiten dio erreferentzia. Proiektuak lau hilabeteko dokumentazio historikoa eskatu zuen gauzatzeko.

Bestalde, Koko Ricok marrazki sorta zabal baten zati bat erakusten du, non egileak beharrezko ez dituen elementu guztiak kentzen dituen esentziaren bidez ahalik eta adierazpen eta emozio gehien transmititzeko. Bere teknika, batzuetan, ur zikinarekin tratatutako paperezko euskarri batera mugatzen da.

Azkenik, Joaquin Larak, oraingo honetan, Carpe Diem bere seriea erakutsiko digu. Bertan, pintore eta argazkilariak lan esperimental bat egingo du, Gasteizen egindako ibilaldi luzeetan oinarrituta, eta, bere objektiboaren bidez, bere estudioan eraldatuko duen ikus-materiala bilduko du. Paperezko euskarria badu ere, serie hau piktorikoa da, pintura akrilikoz sortua baitago.

Erakusketa maiatzaren 1era arte egongo da ikusgai Gasteizko Vital Fundazioaren erakusketa-zentroan, asteartetik larunbatera 18:00etatik 20:30era, eta igande eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era. Sarrera librea izango da.

Zabaldu: