(argazkia: Udalbiltza)

‘Bost teilatu’ filma Geuretik Sortuak egitasmoan parte hartu duten udalerrietan proiektatuko dute

Lehen geltokia Zestoa izango da, bertan Amancay Gaztañagak eta Erika Olaizolak euren esperientzia kontatuko dute. Hortik aurrera beste hogeita bost geldialdi izango ditu lan honek, bakoitza zinegile ezberdin baten presentziaz lagunduta. Geuretik Sortuak ekimenetik jaiotako bost film laburren bilduma da Bost teilatu.

Bost teilatu filmaren aurre-estreinaldia egin dute Leitzan. Lan luze honek 80 minutuko iraupena du, eta Euskal Herriko bost udalerri ezberdinetan garatu eta errodatutako laburrak biltzen ditu: hurrenez hurren, Amancay Gaztañaga eta Erika Olaizolak zuzendutako Krak pieza Tafallan grabatu da, Raul Barrerasen Arnasa Hernanin, Josu Martinezen Hitzak Baigorrin, Leire Egañaren Erlojupekoa Galdakaon, eta Eñaut Castagnetek sinatutako Muga Beran eta Lesakan.

Doluan zentratutako drama fantastikoa da Krak, Kamikaz kolektiboko Amancay Gaztañaga eta Erika Olaizolak zuzendua, eurak ere bertan aktore direlarik. Bi bizilagunen arteko konexioa erakusten digu, bakoitzaren etxeko animalien bitartez. Ostera dator Arnasa (Kliska filmak), Raul Barrerasek zuzendua Eneko Sagardoy eta Zorion Egileorren antzezpenarekin. Basoan galdutako baserri batean bizi dira aitona eta biloba; azken hau hiritik itzulia lehena bere azken egunetan zaintzeko. Bien arteko konexioa era ederrean azaltzen digu Barrerasek bertan, identitate sexuala ere ardatz.

Josu Martinezen Hitzak (Gastibeltzak ekoitzia), zinegileak Baigorrin zuzendutako hirugarren labur historikoa litzateke, kasu honetan Bost teilatu bildumaren baitan sartu duena. Hirurogeigarren hamarkadan kokatzen da, eta lurperatutako pospolo kaxetan euskarazko hitzak topatzen dituen Michelle du protagonista, Paristik itzulitako euskalduna. Bira Produkzioak-eko Leire Egañak zuzendutako Erlojupekoa dator ondoren: umore absurdoa erabiliz kritika sozial eraginkorra egiten duen laburra: janaria banatzeko misioa duen rider batek (Belako taldeko Lore Nekane Billelabeitia aktore lanetan) bereak eta bi ikusiko ditu helmugara iristeko, Galdakaotik barrena ibiliz.

Muga da azken lan laburra Eñaut Castagnetek zuzendua eta Gastibeltzak eta Mirokutanak ekoitzia. Kamaru afrikar gazteak Espainiako estatutik Frantziarako muga zeharkatu nahi du eta, bien bitatean, mugatik gertuko herri batean (Lesakan) gotortzen da baserritar baten laguntzaz (Kandido Uranga).

Aurre-estreinaldiaren ostean, Leitzako udalak gonbidatuta, kafea eta txokolatea hartu zuten bertaratu zirenek, lanaz eta esperientziaz solastu bitartean.

Bost teilatu Geuretik Sortuak-en parte hartu duten udalerrietan egongo da ikusgai bihartik aurrera. Lehen geltokia Zestoa izango da, bertan Gaztañagak eta Olaizolak euren esperientzia kontatuko dutelarik; eta hortik aurrera beste hogeita bost geldialdi izango ditu lan honek, bakoitza zinegile ezberdin baten presentziaz lagunduta. Udalbiltzaren agendan edota sare sozialetan kontsulta daitezke data guztiak; Geuretik Sortuak ekimeneko gainontzeko emanaldiekin batera.

Zabaldu: