Marina Beheretche (argazkia: Euskal Kultur Erakundea)

Marina Beheretche biolin jotzaileak eta Ezekiel kolektiboak ‘Aztarnak’ diskoa kaleratu dute

Gure arbasoen ondarean murgiltzera gonbidatzen gaitu lan berriak.

Aztarnak dugu Marina Beheretche biolin jotzaileak eta Ezekiel Kolektiboak sortutako proiektu berria. Iazko hasieran hasi ziren proiektu berria lantzen eta diru-bilketa kanpaina bat ere abiatu zuten lana aurrera atera ahal izateko. Aztarnak euskal musika herrikoia eta musika klasikoaren arteko topaketa bat dela diote, horretarako bost konpositoreren obrak aukeratu dituzte, Nathalie Biarnès, Peio Cabalette, Joël Merah, Frédéric Gaillardet eta Mixel Etxekopar -en obrak, hain zuzen ere.

Obra berria mitologian, kantuetan, dantzetan, ipuinetan eta elezaharretan oinarrituta dago eta bidaia mistikoa egiteko eta pertsonaia misteriotsuz betetako bazter liluragarriak deskubritzeko parada eskaintzen dio entzuleari.

Elkar argitaletxeak adierazi duenez, “proiektu paregabea da, ikuspegi estetikoak eta arte ezberdinak nahasten dituena. Euskal kulturari so bat, hainbat artista garaikideren begiradatik: guztira bederatzi musikari, marrazkilari bat, aipatutako konpositoreak eta sei sorkuntza”.

Beheretche eta Ezekiel kolektiboko kide diren Aude Fade, Emmanuelle Bacquet eta Vincent Planès musikariekin batera, Joachim Bouillier biolin jotzaileak, Emmanuelle Bacquet kontrabaxu jotzaileak, Mixel Etxekopar poeta, kantari eta musikariak eta Paxkaxkal Indo eta Paxkal Chabaño txalapartariek hartu dute parte disko berrian.

Musikariez gain, Arantza Lannesek ere parte hartu du lan berrian. Artista gazte honek diskoaren liburuxkako marrazkiak sortu ditu.

Zabaldu: