(argazkia: Bilboko Konpartsak)

Bilboko Konpartsen Federazioak Kapela Eguna antolatu du maiatzaren 14rako

Bilboko Aste Nagusirako ehun egun falta direnean, Konpartsen federazioak hainbat ekimen antolatuko ditu hirian, tartean maiatzaren 1rako prestatzen ari diren Kapela Eguna. Festa ireki horren bidez, bilbotarrei Aste Nagusirako motorrak pizten lagundu nahi diete konpartsek, azken bi urteotan bizitako ezohiko egoerari buelta emateko asmoz. Aste Nagusia bera ere prestatzen hasi dira jada.
Bilboko Konpartsen federazioak Kapela Egunaren kartela aurkeztu dute gaur Bilboko Arriaga Antzokiaren aurrean egin duten agerraldian. Honekin batera, bilbotarrei nahi duten kapela jantzita, maiatzaren 14an jai honetara hurbiltzeko gonbita luzatu diete. Datorren astean emango dute ezagutzera egun osoko egitaraua.

Joan den otsailean, konpartsek adierazi zuten aurtengoa “irria, poztasuna eta jaiak berreskuratzeko urtea” izango dela, eta, beraz, 2022a berezia izango dela, Aste Nagusirik gabe urte bi eman ostean.

Konpartsek aurreratu dutenez, “abuztuaren 20tik 28ra bitartean izango da Mari Jaiaren errepublika askea; beraz, lurreko paradisu autogestionatu horretarako 100 egunen atzerako kontaketa maiatzaren 12an hasiko da. Testuinguru horretan, ondoko asteburuan antolatuko da Kapela Eguna”.Joan den otsailean azaldu zutenez, Aste Nagusia “benetan Nagusia” izateko lanean dabiltza konpartsak, Bilboko Jai Batzorde Mistoaren barruan, bilbotar ugarik eta makina bat eragilek lagunduta, “ahalik eta egitaraurik osoena eta seguruena osatzeko”.

Zabaldu: