(argazkiak: Gipuzkoako Aldundia)

Selma Huxley izena eman diote Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoko ikerketa aretoari

XVI. eta XVII. mendeetako Euskal Herriko eta Gipuzkoako itsas historiaren ezagutzari egindako ekarpena eskertzeko eman diote historialari eta ikertzaile britainiarraren izena aretoari.

Aurten 50 urte bete dira Selma Huxley Barkhan (1927-2020) Euskal Herrira etorri zenetik eta Ternuako kostaldean,  XVI. eta XVII. mendeetan, euskal baleontziek izan zuten presentziari buruzko ikerketak hasi zituenetik. Urteurrena profitatuz, Gipuzkoak Foru Aldundiak historialari eta ikertzaile britainiarraren ibilbidea aitortu nahi izan du, “gure artxiboak ikertzen eta balioan jartzen egindako lan itzelagatik”.

Horregatik, Selma Huxley Barkhan izena emango zaio Oñatiko Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoko ikerketa aretoari. Izan ere, Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historiko zaharraren egoitza da gaur egun, eta Selmak bere bizitzako zati garrantzitsu bat eman zuen bertan.

Halaber, Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoak, aitorpen horri lotuta, oroimenezko erakusketa bat antolatu du, Selma Huxleyren ikerketa lanaren inguruan sortutako balio-katea agerian uzteko.

Huxleyk ikerketa mordoa egin zituen, eta ezagunenetako bat izan zen, garai hartako Oñatiko Protokoloen Artxibo Historikoko protokolo notarialen informaziotik abiatuta, 1565ean Red Bayko (Ternua) uretan hondoratutako San Juan itsasontzia aurkitzera eraman zuena. Oñatitik Ternuara, Huxleyk egindako lanari esker, UNESCOk Gizadiaren Ondare izendatu zuen Red Bay 2013an, eta horrek bide eman zuen Pasaian, gaur egun, ontzi horren erreplikaren eraikuntza zientifikoko proiektua martxan jartzeko.

Oñatiko Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoa

Aldundiak azaldu duenez, “Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoa da, hain zuzen, Gipuzkoako artxiboek eman duten jauzi kualitatibo garrantzitsua hobeto erakusten duen zentroetako bat. Dokumentu horiek gordetzeko gaur egun erabiltzen diren neurriek, dokumentuak deskribatzeko lanari lotutako ahaleginak, edo gizartearen zerbitzura jarri diren hedapen-baliabideek ez dute zerikusirik Selmak duela 50 urte, Euskal Herrira iritsi zenean, aurkitu zituenekin”.

 

Zabaldu: