Liburua 86 narrazioz osatuta dago, 150 inguru orrialdetan. Bi kopuru horiek argi uzten dute laburtasuna dela narrazio gehienen ezaugarrietako bat. Izan ere, mikro-ipuin garbiak dira asko eta asko; beste batzuk, ordea, antzerkirako gidoi edo elkarrizketa tankerakoak.
Ipuinak edo narrazio laburrak eta poesia dira Karlos Linazasoro idazleak gehien landu dituen generoak, Alberdania argitaletxearekin gaur aurkeztu duen Samuel eta Slawo narrazio bilduma da horren adibide.
Jorge Gimenez Bech editorearen arabera, “idazlearen literatura definitu beharko banu, absurdoaren lanketa metodiko eta erregistroetan anitza azpimarratuko nuke. Liburu honetan, inoiz irria edo algara eragin badezake ere, Karlosen erregistro nagusia gehiago lerratzen da irribarrearen eremura, hitzezko koadro edo marrazki txundigarrietan. Irribarre hori, hala ere, behin baino gehiagotan izoztu egingo zaio irakurleari ezpainetan, eta maiz sentituko du bere burua absurdoaren partaide, ikusle bainoago. Karlos ez baita, ez, irakurlearekiko idazle gupidatsua, beti errespetuz eta are adeitasunez ere tratatzen badu ere”.
Liburua 86 narrazioz osatuta dago, 150 inguru orrialdetan. Bi kopuru horiek argi uzten dute laburtasuna dela narrazio gehienen ezaugarrietako bat. Izan ere, mikro-ipuin garbiak dira asko eta asko; beste batzuk, ordea, antzerkirako gidoi edo elkarrizketa tankerakoak. Liburu honetako mikro-ipuin horietan, bada, alabaina, Linazasororengan hain ohikoa ez den beste ildo bat: mitoen, Bibliako ipuinen eta ipuin klasikoen remake moduko batzuk, tonu ludiko edo jostalariz gehienetan.
Liburuaren azalari dagokionez, idazleak kontatu du Gimenez aspaldiko editorea duela, “badaki marrazten dudala, idaztearekin batera, adierazpide nagusi, eta nire editoreek sarri baliatzen dituztela neure marrazkiak liburuen azaletarako. Bat etorri nintzen berehala eskatu zizkidan marrazkietan berak egindako aukerarekin, azalak oso argi adierazten baitu liburuaren giroa: umore gordina, egoera kaotikoak, muturrekoak, karikatura… Horixe delako, bai, Samuel eta Slawo: nire betiko gai eta obsesioak inoiz baino depurazio handiagoz emanak”.
Estiloari erreparatuta, Linazasorok aitortu du ez dela liburu honetan batere aldendu bere betiko estilotik: “zeharo nirea dudan poetikari eutsi diot bestela guztiz askotarikoak diren narrazio hauetan. Esango nuke, nolanahi ere, koska bat gehiago estutu dudala idazkeran nagusitzen ari zaidan sotiltzea. Gero eta markatuagoa sumatzen dut joera minimalista, jantziago bat nire idazkeran, eta liburu hau bete-betean da horren erakusgarria”.
Gero eta sotiltasun handiagoz idaztera daraman bide horretan, artifiziorik gabeko prosa, biluzia, zuzena baliatu du Tolosan liburuzain jarduten duen idazleak, eta idazle asko eta askoren islek egiten dute distira, han-hemenka, Linazasororen idazlanetan eta, zehazki, azken liburu honetan, Hasier Rekondok hitzaurrean aipatzen duenez: “Greziako eta Erromako idazle klasiko ugariez gain, Beckett, Ionesco, Oulipo taldeko Queneau edo Perec, Borges, Camus, Onetti, Cortazar jostagarriena eta abar luze bat”.
Idazleak aipatu du, era berean, handia dela narrazio-bilduma honetan giza anatomiaren presentzia, “elementu literario batzuetan jostalari gisa hainbatetan, beste batzuetan garratzago, inoiz karikaturizaziorako joera azpimarratzeko asmoz”.
Giza gorputzaren presentziarekin batera, egilearen obsesioetan toki berezia duen heriotzarekiko kezka eta hari aurre egiteko modu ugariak ere ageri dira, zipriztin arinetan, liburuko kontakizunetan zehar.