(argazkia: Susa)

Euskal Herriko Bilgune Feministak eta Emaginek ‘Araka ditzagun gure bazterrak’ saiakera aurkeztu dute

Susa argitaletxearen Lisipe bilduma feministaren baitan ikusi du argia liburuak.

Euskal Herriko Bilgune Feminista eta Emagin talde feministek Araka ditzagun gure bazterrak. Kritika dekolonialak zeharkaturiko ibilbide kolektibo feminista bat izeneko saiakera aurkeztu dute gaur, Susa Argitaletxearen eskutik.

Emaginek azaldu duenez, “liburu hau eragileok dekolonialitatearen inguruan egindako hausnarketak, jasotako interpelazioak eta ibilitako prozesuak sistematizatzeko saiakera da”.

Dekolonialitatearen eztabaidak nondik nora zeharkatu gaituen azaleratzeko, lau geltoki nagusitan osatu dute ibilbide hau: “lehen geltokian, gure ibilbide kolektibo nahiz pertsonalean bizi izan ditugun egoera zenbaitek eragindako klak horiek (haustura-egoera horiek) bildu ditugu eta arrakala horiek eragindako sentsazioak batu ditugu; bigarren geltokian, klak horiek eragindako jakin-minetik zein deserosotasunetatik abiatuta, gure jardun feminista janzteko egin ditugun hausnarketak, ekimenak, aliantzak eta esperientziak jaso ditugu; hirugarren geltokian, Araka ditzagun gure bazterrak Emakume* Abertzaleon VIII. Topaketa Feministetako kronika jaso dugu; eta azkenik, laugarren geltokian, aurrera begira jarri gara, etorkizuneko lan-lerroak, asmoak eta praktika eraldatzaileak zirriborratzen hasteko”.

Egileek adierazi dutenez, “ez da ariketa erraza gai honen inguruan hitza hartzea, ezta horretarako kokaleku egokia topatzea ere. Umiltasunetik egiten dugu, dena entzuteko eta dena ikasteko daukagula jakitun. Deserosotasunari eta kontraesanari iskin egin gabe, bertan gordetzen direlako korapiloak askatzeko bidezidorrik interesgarrienak. Askotariko begiradak gorpuzten, arrazakeria izendatzen eta gatazka politizatzen irakatsi diguten konpa migratzaile eta arrazializatuak dira gure erreferente nagusiak birkokatze-prozesu honetan. Bihoakie haiei geure aitortza eta eskerrik beroenak”.

Zabaldu: