Nafarroako helduen Bertso Eskoletako kideak elkartzea eta sarea trinkotzea izango du helburu egunak.
2012an estreinatu zenetik, bi urtean behin ospatu da Bardoak, Nafarroako taldekako bertso txapelketa, banakako txapelketarekin txandaka. Bost edizio egin dira ordutik hona, eta ehundaka parte hartzaile pasa dira bertatik: bertsolariak, gai-jartzaileak, laguntzaileak… Iaz udaberritik udazkenera mugitu zen Nafarroako Bertsolari Txapelketa, banakakoa, eta ondorioz, 2022an Bardoak ohiko formatuan ez antolatzea erabaki zuen Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Dena dela, egun bakarrean bada ere, Bardoen izpirituari eutsi nahi izan dio elkarteak: hain zuzen ere, helduen Bertso Eskolak saretzea izango du helburu Bardo Egunak. Maiatzaren 28an ospatuko da, Garraldan, egun osoz.
Bertso Eskoletako partaideen arteko harremanak bultzatu nahian, egunean bertan osatuko dira taldeak, eskola ezberdinetako bertsolariak nahastuz. Talde horren lehen zeregina haien saiorako hasierako agurra prestatzea izango da, emandako gaiari jarraiki, eta horretarako herrian barna beharrezko duten informazioa bilduz, ginkana formatuan.
Behin hori eginda, hiru saio jokatuko dira, bata besteren atzetik, Garraldako hiru taberna eta elkartetan. Bina talde ariko dira saioetako bakoitzean. Horietako bakoitzean nagusitzen den taldea zuzenean sailkatuko da finalera. Afalostean jokatuko da finala, Errotaberri tabernan.
Izen-ematea
Elkarteak azaldu duenez, “bertsolari edo gai-jartzaile gisara hartu liteke parte taldekako txapelketan, baina ezinbestekoa izango da aldez aurretik ondorengo formularioan izena ematea, maiatzaren 23a baino lehenago. Saio guztiak irekiak dira, bai eta afaria ere, baina azken honetarako ere aldez aurretik izena eman beharko da, formulario berean, eta epe berean. 18 euroko prezioa du afariak, unean bertan ordaintzekoa. Bazkaltzeko luntxa jarriko da, lehen saioarekin batera”.