(argazkia: Oskar Moreno)

Egitarau berezia prestatu dute San Telmo Museoan 2022ko Museoen Nazioarteko Egunaren harira

Doako sarrera maiatzaren 18an, 21ean eta 22an. Bisita gidatu eta musika eta dantza egitaraua izango dira Udalaren Musika eta Dantza Eskolarekin eta Francisco Escudero Kontserbatorioarekin lankidetzan.

Museoen Nazioarteko Egunaren harira, egitarau berezia antolatu dute Donostiako San Telmo Museoan. Maiatzaren 18an, asteazkena, sarrera doakoa izango da, eta ospakizuna asteburura ere iritsiko da, larunbatean eta igandean, maiatzaren 21ean eta 22an, museora sartzea ere dohainik izango baita.

Hilaren 18an, museoaren erakusketa iraunkorreko bisita gidatuak eskainiko dira, 17:00ean euskaraz eta 18:30ean gaztelaniaz. Bisita hauek ere dohainik izango dira, baina lekua erreserbatu behar da museoaren webgunean.

Egun honetan bertan, 19:00etan hasita, elizan kantu errezitaldia eskainiko dute Francisco Escudero Musika Kontserbatorioko kantu ikasleek, zarzuela pasarteetan naturak duen isla ardatz hartuta. Antolatzaileek azaldu dutenez, “zarzuelan asko dira naturari eskainitako uneak, gure existentzian inguratzen gaituen zein bidelagun den horri. Hori dela eta, ez da harritzekoa naturan oinarritutako musika pieza ugari aurkitzea, musika idatzian gizakiaren bizipenak kontatuz, paisaien deskribapenak eginez, bizitzeko moduak azalduz… Orotara, gizakiak ingurunearekin harremantzeko dituen bideak eta honek gizakiarengan duen eragina. Errezitaldiak kantu lirikoaren bitartez zarzuelan idatzitako une horien pintzelada bat erakusten du, bakarkako eta taldekako uneekin eta aukeratutako pieza bakoitzera hurbiltzen lagunduko digun eszenografia eta antzerkiarekin. Hori guztia, pianoaren konpainiaz”.

Larunbatean eta igandean, maiatzak 21 eta 22, ospakizunarekin jarraitzeko, museoko sarrera doakoa izango da eta beste jarduera batzuk programatu dira. Bi egunetan, goizean zehar, Francisco Escudero Kontserbatorioko ikasleen musika emanaldiak izango dira, elizan eta klaustroan. Sarrera librea izango da edukiera bete arte.

Bestalde, 21ean, 19:00etan hasita, dantza emanaldia izango da elizan Udalaren Musika eta Dantza eskolaren eskutik: euskal dantza, garaikidea eta klasikoa ikusteko aukera izango da. Kasu honetan, beharrezkoa da webgunearen bitartez lekua hartzea.

Zabaldu: