Kultur Elkartearen Eskola proiektuak balio eta kulturaren transmisioa eta euskara sustatzea ditu helburu. 2016-17ko ikasturtean jarri zen martxan eta orain arte 20 ikastetxetan egin da. Aurtengo proiektuetan 500 ikaslek hartuko dute parte.
Loraldia Kultur Elkarteak Eskola proiektua bideratzen du ikasturtero hezkuntza formaleko ikastetxeetan. Bost proiektu ezberdin eskaintzen ditu eta izena ematen duten ikastetxeetako taldeetan ikasturtean zehar bakoitzaren neurrira moldatutako proiektuak bideratzen dira.
Mota anitzeko egitasmoak garatzeko aukera eskaintzen du Loraldia Eskolak, maila ezberdinetara zuzenduta, Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergoko mailetara. Ikastetxeetan bideratzen diren proiektu hauek zenbait helburu zehatz dituzte: euskal kultura garaikidea ezagutaraztea; kulturarekiko atxikimendua lantzea; euskararen erabilera sustatzea; sormena suspertzea; eta baloreak lantzea. Horretarako kultur diziplina eta adierazpen mota ezberdinak ezagutzera ematea bilatzen du, ezagutza horren bitartez kulturartekotasuna eta aniztasuna lantzeko.
2021-22 ikasturtean lau herritan egin dira Eskolako proiektuak: Zornotzan, Igorren, Gernikan eta Mungian. Maiatzaren bukaera eta ekainaren hasieran horietako batzuen emaitza erakutsiko da. Eta horrela, hiru herritan mota ezberdinetako ikuskizunak egingo dira. Haur Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza arteko ikasleek parte hartu izan dute Loraldia Eskolak eskaintzen dituen Ttipia, Lore-jokoak eta 7 kantu, 7 lur, 7 konexio proietuetan.
Izen-ematea zabalik
Loraldia Eskolak izen-emate epea zabaldu du, interesatuta dauden ikastetxeek 2022-23 ikasturtean aukeratutako edozein proiektu garatzeko eskaera bideratzeko. Edozein motatako ikastetxeek har dezakete parte eta baldintza bakarra euskaraz garatzea da. Egitasmo bakoitzaren inguruko informazioa osatu eta izena emateko Loraldiaren webgunean dagoen inprimakia bete beharko da. Maiatzaren 25era arte egongo da izena emateko epea zabalik.