(argazkia: Herri Bizia)

Musikastek 10 emanaldi eskainiko ditu ostegunean hasiko den 50. Edizioan

Eresbil Fundazioak – Musikaren Euskal Artxiboak eta Andra Mari Abesbatzak bizirik mantentzen dute ekitaldi hau sortzera eraman zituen ideia: euskal musikaren ikerketa sustatzera, sortzaileei eta interpreteei laguntzea eta beren obrak ezagutzera ematea, duela gutxi jaialdiari lotutako dantza ahaztu gabe.

Musikastek 50. edizioa antolatu du 2022ko maiatzean Errenterian. Jaialdiaren urrezko ezteiak ospatuko dituzte, eta ospakizuna mugarria izango da antolatzaileentzat. Aurtengo edizioaren ezaugarriak kontzertuak egiteko programatutako obren kalitatea, deitutako interpreteak eta berrogeita hamargarren urteurrenaren ospakizun bera izango dira.

Musikastek ganbera musikari eskainitako kontzertua aurkeztuko du bere inaugurazio egunean. Fanlo & Barandiaran bikoteak, egile ezagunen lanak aurkeztuko dituzte, besteak beste, Jose Maria Franco Bordons, Anton Larrauri eta Beltran Pagolarenak.

Hurrengo eguna, Lied-ari eskainitako jardunaldia izango da. Miren Urbietak eta Ruben Fernandezek, gure musika-ondareko konpositore esanguratsuenen obrez osatutako egitarau anitza eskainiko dute. Honako egileen lanak entzun ahal izango dira bertan: Jesus Guridi, Andres Isasi, Anton Garcia Abril, Felix Lavilla eta Pablo Sorozabal, besteak beste.

Dantzak Erritu izeneko obrarekin hartuko du lekukoa, hau da, Kukai Dantza konpainiaren eta Sharon Fridman koreografo ospetsuaren arteko topaketarekin. Erritu taldean zein kolektiboan, naturarekin eta komunitatearekin loturik, bizitzako etapak zeharkatuz egiten den bizi-bidaia da.

Leioako San Juan Bautista Abesbatzak, berriz, musika erlijiosoari eskainitako egunean, Jon Saenz-en The lamentations of Jeremiah obra estreinatuko du, Ensemble Concorde hari-taldearen laguntzarekin, eta Xabier Sarasolaren De profundis clamavi obra interpretatuko du.

Egunak Txistu eta Banda taldeen kontzertuekin aurrera jarraituko du. Honetan, Isidro Ansorena, Tomas Aragües, Roque Ansola, Joxe Mari Oiartzabal eta Joaquin Gaztanbideren lanak interpretatuko dira, besteak beste.

Iñaki Salvador Triok jazz-a ekarriko du Musikastera.  Mikel Laboaren unibertsoa birsortuko dute sorkuntza propioekin batera.

Musika garaikideari eskainitako jardunaldiak euskal konposizio eszenan izen ezagunak bilduko ditu. Aurretik, Felix Ibarrondori eskainitako Kaierak koadernoa aurkeztuko da, ibilbide luze bati omenaldia. Ensemble Kuraiak, Andrea Cazzanigaren zuzendaritzapean, errepertorio zehatza jorratuko du.

Abesbatzen egunean ibilbide luzeko musikagileen lana gogora ekarriko da berriro, baita nazioartean arrakasta handia izaten ari den musikagile belaunaldi berriaren lana ere. Etxarri Aranazko abesbatza, Suhar abesbatza, Landarbaso eta Kup taldea izango dira Lekuona Fabrikan kontzertua ahalbidetuko duten taldeak.

Amaitzeko, aurtengo edizioak egun sinfoniko-korala berreskuratuko du, berrogeita hamargarren urteurrenari amaiera emateko. Euskadiko Orkestrak, Jaume Santonja eta Andra Mari Abesbatzaren zuzendaritzapean, gure musika panoramako autore esanguratsuenei eskainitako egitarau zabala interpretatuko du. Nabarmentzekoa da Saskia Venegas konpositorearen At the Aegean shores obraren estreinaldia.

Programazio osoa eta sarrerak

Programazioaren xehetasunak jaialdiaren webgune estreinatu berrian dago eskuragarri: http://musikaste.eus. Webgune honek, halaber, Musikasteren historiaren ikus-entzunezko ibilbide bat jasotzen du, edizioz edizio.

Lau dira sarrerak zein gonbidapenak eskuratzeko guneak: Eresbil Fundazioaren egoitza (Alfonso XI kalea, 2), Lekuona Fabrikaren leihatila, musikaste.eus webgunea eta kontzertu bakoitzeko leihatila, kontzertu bakoitza baino ordubete lehenago.

 

Zabaldu: