(argazkia: Kimia Kamvari)

Kimia Kamvari izango da aurtengo Artea abian egitasmoan parte hartuko duen artista

Azaroan inauguratuko da bere lanekin osatutako erakusketa Donostiako San Telmo Museoko Laborategian.

Kimia Kamvari (Kolonia, 1986) izango da aurten Artea abian proiektuan parte hartuko duen artista, 2020ko lehen edizioan Nagore Amenabarrok parte hartu ondoren. Ekimen honen bidez, Kutxa Fundazioak eta Donostiako San Telmo Museoak beren ibilbide profesionalaren hasieran eta beren obraren aurkezpen monografikoari aurre egiteko esperientzia nahikoa duten artistei laguntza eta babesa eskaini nahi diete. “Helburu nagusia gune instituzional edo museistiko batean erakusketa indibiduala egitea erraztea da”, azaldu dute. Ekimen honekin arte plastikoen eta arte bisualen testuinguruan dagoen behar bati erantzun nahi zaio, “artistentzako erakusketa espazioak eta aukerak ezartzen lagundu nahi da”.

“Proposamenak Gipuzkoako panorama artistikoan dagoen hutsune bati erantzuna eman nahi dio”, azaldu dute bi erakundeek. Helburu nagusia da oraindik erabat finkatuta ez dauden edo garapen fasean dauden sortzaileekin lan egitea. Ez da adin tarte zehatzik ezartzen, eta “arte gaztea” bezalako kategoriak saihesten dira, artista potentzialen aukera eta esparru profesional eta instituzional baten barruan izan dezaketen naturalizazioa ez mugatzeko. Hala, kontuan hartzen den profila aurretik ibilbide bat duen sortzailearena da, lehiaketa eta erakusketa kolektiboetan parte hartu duena, baina ez duena aurkezpen monografikorik egin San Telmo Museoaren moduko museo edo erakunde batean.

Kimia Kamvari Pinturan lizentziaduna da Teherango Arte eta Arkitektura Unibertsitatean, eta Ikerketa eta arte sorkuntza masterra egiten ari da EHUn. 2006tik talde erakusketa askotan parte hartu du, eta azken urteotan baita bakarkako erakusketetan ere, Dastan Galleryn (Teheran, Iran) eta Kristina Enean (Donostia). Egoitzak egin ditu Tabakaleran (2017) eta Sormenaren Kabian (2018). Bere azken erakusketetan, Apeiron (Dastan Gallery, 2018), Nature Change (Kristina Enea Fundazioa, 2019) eta Event Horizon (Dastan Gallery, 2019), estilo eta kontzeptu aldaketa nabari da bere obran, non naturak eta aldaketak paper nagusia jokatzen duten. Azpimarratzekoa da 2015etik Astigarretan izan duen egonaldi luzeak izan duen eragina, leku horretan bere lana irauli egin baita kontzeptualki. Bere azken lanetan material organikoaren, instalazioaren, argazkigintzaren eta marrazkiaren erabilera nabarmentzen da.

Zabaldu: