(Arabako Bertsozale Elkartea)

Maddi Agirrek irabazi du Arabako Eskolartekoa

Zortzi bertsolari gaztek hartu dute parte txapelketan, eta horietatik, Maddi Agirrek jantzi du txapela. Txapeldunorde, berriz, Danel Herrarte izan da. Biak izango dira Arabako ordezkari Euskal Herriko Eskolartekoan.

Larunbatean jokatu da 14-18 urte bitarteko Arabako Eskolarteko Txapelketa Gasteizko Federico Garcia Lorca aretoan 14 urtetik beherako txikien idatzizko eta bapateko bertsolari gaztetxoenen Gasteizko topaketaren ostean. Bertsozaleren arabera, “giro bikaina izan zen goiz osoan zehar eta maila bikaineko bertsoak entzuteko parada izan dute bertaratutako haur gazte eta helduok”.

Goizeko 10etan eskola ezberdinetatik aukeratutako bertso idatziak entzun eta gero, Armentiako Bertxilika Bertso Eskolako ikasleak aritu ziren bat- batekoan. Behin motorrak berotuta 12ak aldera hasi zen 14-18 urte bitarteko Arabako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa. Taula gainean zortzi bertsolari hauek aritu ziren: Irati Martinez, Maddi Agirre, Eukene De los Aires, Samuel Rodriguez, Hegoi Amabizka, Sabin Abarrategi, Gari Arexolaleiba eta Danel Herrarte. Zortziko handian naiz txikian egin eta gero, Agirre, De los Aires, Herrarte eta Amabizka pasa ziren bakarkako lanak egitera. Edizio honetan ere Maddi Agirre izan da txapelduna, beraz aurtengoa ere bere etxean pasako du txapeldunek eskurik esku urtez urte pasatzen duten egurrezko mikrofonoa. “Maila ederra erakutsi dute denek ere”.

Agirre eta Herrarte joango dira Iurretan ekainaren 18an jokatuko den Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketara Arabako ordezkari gisa.

Zabaldu: