(argazkia: Elkano Fundazioa)

Joseba Sarrionandiak eta Aresek ‘Munduari bira eman zion ontzia’ liburua aurkeztu dute

“Oroimenerako eta izpiritu kritikorako edukiontzia” izan nahi du lanak, lehen mundubirari buruzko ezagutza eta hausnarketa zabaltzea helburu hartuta.

Joseba Sarrionandia idazlearen (Iurreta, 1958) eta Aristides Hernandez Ares ilustratzailearen (Habana, 1963) arteko elkarlanaren emaitza da Munduari bira eman zion ontzia. Hamar urtetik gorako adin guztietako irakurleentzako lana Donostiako San Telmo Museoan aurkeztu dute gaur, Pamiela argitaletxearen eskutik eta Elkano Fundazioaren babespean.

Liburuak historia-irakasle batek bilobarekin Juan Sebastian Elkanoren bidaiaz izandako elkarrizketa luzea jasotzen du. Neskatoak kontakizuna interpelatzen du; izan ere, bilobak “benetako historia” nahi du, eta ez ipuin gehiago. Kontakizunak egungo arazo ugari planteatzen ditu elkarrizketa alai eta ironiaz betetako batean. ‘Ontzia’ euskal hitzaren esanahi bikoitzarekin jolastuz –itsasontzia zein edukiontzia izan daiteke–, Sarrionandiak dio lana, gainera, “oroimenerako eta izpiritu kritikorako edukiontzia ere badela”.

Duela 500 urte Elkanok egin zuen bidaiari eta horrek gaur egungo egoerarekin dituen loturei dagokienez, Sarrionandiak esan du iragana ez dagoela hilda, eta “gertatu ere ez dela egin. Ontzi haiek lehen globalizazioaren balio enblematikoa dute, eta oraingo hegazkinak eta sateliteak enegarren globalizazioa dira, lapurren banda-pentsamoldea duten pertsonen eskutik; izan ere, zibilizazioa basakeriarekiko ordezkatzeko aitzakian, injustizia sofistikatuz jokatzen jarraitzen dute”. Bestalde, egileak uste du liburuak zerbaitetarako balio dezakeela:  “Pentsamendu bakarreko eta mugikorreko garai batean bizi gara, mugikorrak duen azkartasun eta iraungitze horrekin, non liburu batek handik igaro zen norbaiten aztarna dirudien, komunikazio-tresna eraginkorra baino. Baina oroimen eta izpiritu kritikorako ontzi ona izaten jarraitzen du. Horixe egin nahi izan dugu testuarekin eta marrazkiekin, historia pixka bat gogoratzeko eta zer gertatzen den behatzeko ontzi bat”.

Aresek gaineratu du liburuak ikaskuntza handia ekarri diola: “Liburua ilustratzean, historia bat ezagutu nuen, munduari bira eman zionekoa; ondo ezagutzen nuela uste nuen, baina, egia esan, ez nuen, inondik ere, ezagutzen”. Lan egiteko moduari dagokionez ere esperientzia berria izan da berarentzat: “Niri beti eman izan didate liburua idatzita, ilustrazioak txertatzeko espazio zuriekin. Sarrirekin elkarlanean aritzea testuak eta irudiak lau eskutara nola sortzen ziren ikustea izan da, osotasunak forma eta zentzua nola hartzen zuen ikustea. Lan egiteko bestelako modu bat izan da niretzat”.
Ion Irurzun Elkano Fundazioko zuzendariaren arabera, lankidetza horren emaitza “hausnarketez beteriko lana izan da, eta ziur nago adin guztietako irakurleak akuilatzea lortuko duela, bai testuen bidez, bai ilustrazioen bidez”.

Elkano Fundazioaren helburua adin guztietako publikoen arteko lehen zirkumnabigazioaren inguruko ezagutza eta hausnarketa sustatzea da. Fundazioak liburua herrialdeko ikastetxeetara banatzen lagunduko du, mundubirarekin lotura duen ezagutza zabaltzeko eta gertaera historiko hari buruzko kontakizun propioa ezagutarazteko estrategiaren barruan.

Zabaldu: