(argazkia: Hortzmuga konpainia)

Muñatones Gaztelurako propio sortutako ikuskizuna eskainiko da larunbatean Muskizen

MusEkintzak, Bizkaiko Museoetako Arte Eszenikoen lehen Jaialdiak, esperientzia ezberdin eta bakarra eskainiko du datorren maiatzaren 28an, 12:30ean, Muñatones Gazteluan.

Muskizko Muñatones Gaztelura hurbiltzen direnak antzezpen berezi batez gozatzeko aukera izango dute maiatzaren 28an, 12:30ean: Hortzmuga Teatro konpainiaren eskutik, MusEkintzak antolatu dituen tailerretan parte hartu duten hogei bat lagunek jardungo dute Zai Zoi Bele Batukada Feminista taldearekin, Intzarri herriko dantza taldearekin eta Muskizko txikiteroen taldearekin batera.

Gaztelu horretan antzezteko propio sortutako ikuskizuna izango da. Eraikina Monumentu Multzo izendatu zuten, bere balio historiko bikaina eta kontserbatutako aztarnen kalitatea aitortuz. “Muñatones: Gogoan bidaia hunkigarria da, sentsazioz, paisaiaz, sentimenduez, aurkikuntzez, galerez, oroitzapenez eta oroimenez betea, ibilbide honen anfitrioiak diren Memoria andreak eta Historiko jaunak gidatuko dutena”, azaldu dute antolatzaileek.

Fikzioa eta errealitatea nahasten dira ikuskizun honetan; sortze-lanetan herriko kultur elkarteak eta 12 urtetik 82 urtera bitarteko aktore amateurren taldea daude Muñatonesko komunitatearen ordezkari.

MusEkintza jaialdia

Bermeoko Arrantzaleen Museoa, Balmasedako Encartada Fabrika Museoa, Muskizko El Pobal Burdinola, Bakioko Txakolingunea, Gernikako Euskal Herria Museoa, Bilboko Arkeologi Museoa eta Muñatones Gaztelua dira hilero MusEkintza jaialdia egiteko tokiak. Irailaren 24an hasi zen jaialdia, eta ordutik hona, hilabete bakoitzeko azken larunbatetan egiten ari da; ekainaren 11n eta 24an ere egingo da.

Aldez aurretik erreserba egin behar da joan nahi den ekitaldia egingo den museo edo gune bakoitzean. MusEkintzari buruzko informazio guztia www.bizkaikoa.bizkaia.eus webgunean kontsulta daiteke.

Zabaldu: