Elkar ezagutzea areagotzeko, kultur trukaketak sustatzeko eta kultur erakusleihoak eratzeko helburuarekin antolatu ditu topaketa hauek Etxepare Euskal Institutuak Brusela, Gante eta Lovainan.
Euskal Herriaren eta Flandriaren arteko kultur trukaketak aurrera darrai. Lehen urratsa 2021eko azaroan egin zen, Donostian, Gasteizen eta Bilbon lan bilera eta kultur jarduera desberdinak antolatuz. Orain, ekainaren 1etik 3ra, bigarrena egingo dute; 15 euskal sortzaile Flandriara joan dira Etxepare Euskal Institutuko eta Bruselako euskal delegaritzako ordezkariekin batera, bertako profesionalekin kultur harremanetan sakontzeko. Etxepare Euskal Institutuak Flanders Arts Institut-ekin elkarlanean antolatu ditu jarduerok.
Azaldu dutenez, jarduerek “elkar ezagutzea areagotzeko, bi herrialdeen arteko kultur trukaketak sustatzeko, bi aldeetako sorkuntza eta hedapena bultzatzeko, esperientzia eta ezagutza trukatzeko, eta kultur erakusleihoak eratzeko helburua dute”.
Hala, arte eszenikoen, zinema eta ikus-entzunezkoen, literaturaren, musikaren, artearen eta hizkuntzaren alorreko hamabost euskal eragile bilduko dira Brusela, Gante eta Lovainan antolaturiko jardueretan.
Flandriako eragileekin elkartuko diren euskal kultur eragileen zerrendan daude Dantzaz Kultur Elkartea, Kukai Dantza, ADDE Asociacion de profesionales de la danza de Euskadi, Bilboko Alondengia, Amaia Molinet artista ikertzaile eta kuradorea, Maria Ibarretxe del Val artista, Ion Munduate artista, Faktoria Kooperatiba Elkartea, Zirkozaurre, Artekale, Euskal Herriko Musika Bulego Elkartea, Zukan Kultur Elkartea, Iñigo Setuain musikaria, Korrontzi eta Txalap Art.