Batera deialdiaren irabazleak (argazkia: Oihaneder)

‘#Batera, kultur proiektuak elkarrekin’ deialdiko crowdfunding kanpainek beren helburuak lortu dituzte

Aritz Ibarra, Sandra Salazar eta Aitor Gomez gazteak dira iazko urrian martxan jarritako Batera, kultur proiektuak elkarrekin deialdiko lan aukeratuen egileak.

Iazko urrian Gasteizko gazteen artean euskarazko kultur sormena sustatzeko Batera deialdia jarri zuten martxan Oihaneder Euskararen Etxeak eta Gauekoak aisialdi programak. Hainbat proiektu proposamen jaso ziren, eta horietako hiru diruz laguntzeko erabakia hartu zuen epaimahaiak: Gasteiz 1200 – Defentsa amaigabea, Idi-gosea eta Beita.

Behin epaia ezagututa, crowdfunding kanpainak prestatu, martxan jarri eta helburu ekonomikoa lortu arte lanean jarraitu zuten hiru proiektuetako arduradunek: Aritz Ibarrak (Gasteiz 1200 – Defentsa amaigabea), Sandra Salazarrek (Idi-gosea) eta Aitor Gomezek, Xup! Antzerki taldearen izenean (Beita).

Azken hilabeteak proiektuak garatzeko erabili dituzte Ibarrak, Salazarrek eta Xup! Antzerki taldeak. Ekainaren 21ean, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, beren proiektuen garapen prozesuaren nondik norakoen berri emango dute Oihanederren. Egun horretan, Itsulapikoa.eus plataformaren bidez crowdfunding kanpainan babesa eman dieten lagunek beren sariak jasotzeko aukera izango dute.

Lau deialdi izan ditu Batera, kultur proiektuak elkarrekin egitasmoak orain arte, eta guztira, hamaika kultur proiektu gauzatu dira diru-laguntza honi esker: liburuak, ikus-entzunezkoak, diskoak, ikuskizunak, fanzineak, eleberri grafikoak, erakusketak… aniztasun handia, gure sortzaile gazteen irudimenaren ispilu.

Aurkezpena doakoa izango den arren, gonbidapena aldez aurretik eskuratzea gomendatzen da, ohiko moduak erabilita: oihaneder@oihaneder.eus helbidera idatzita, telefonoz eskatuta edota BIBE plataformaren bidez eskuratuta. Ekainaren 14tik aurrera zabalduko dira hiru aukera hauek.

Proiektu irabazleak

Aritz Ibarrak Gasteiz 1200 – Defentsa amaigabea eleberri grafikoaren egitasmoa landu du. Gasteizko historiaren gertakari erabakigarri bat ezagutaraztea helburu du proiektu honek: 1200. urtean tropa gaztelarrek Nova Victoria (Gasteiz) hiri nafarra konkistatu, eta bertako hiritarren eta herriaren etorkizuna errotik aldatu zuten. Garai hartako gasteiztarrek erresistentzia izugarria egin zuten konkistaren kontra, horren ondorioz hiriaren setioak 8/9 hilabete iraun zuen.

Sandra Salazarren Idi-gosea proiektuak elikadura-jokabidearen nahasmenduen eta nerbio bulimiaren gaiak aztertu ditu. Fanzinean, argazkiekin eta aldizkarietako hitzekin egindako collage ezberdinen bidez eta hainbat informazio osagarriz nerbio bulimiaren inguruko informazioa eta gaixoen sentimenduak aztertu, EJNen isiltasuna apurtu eta gertutik ezagutzera lagunduko du Salazarrek.

Taldean aurkeztu du bere proiektua XUP! antzerki taldeak, eta Aitor Gomez dabil ordezkari lanetan: Beita proiektuak hamabost minutuko zortzi ataleko web-saila izan nahi du, eta eduki osagarriz lagundua argitaratu. Proiektu digital eta transmedia izango da, beraz, zortzi atalak oinarri digital batean izango dira eskuragarri. “Ikuspegi gazte eta feminista batetik sortutako lana da Beita, gazteok gazteontzako sortua; misterio edo thriller eran kontaturiko istorioa da, eta euskaraz eginikoa”, azaldu du Gomezek.

Zabaldu: