Ekainaren 30ean itxiko ditu ateak, baina Lazarraga Kultur Elkarteak lanean jarraituko duela iragarri du “Gasteizek merezi duen kulturgune euskaltzalea ahalik eta lasterren izan dezan”.
Oihaneder Euskararen Etxea indartsu heldu da bere zortzi urteko jardunaren azken txanpara, eta ekaineko ekitaldi interesgarriekin agur esango dio ibilbide horri: musika-kontzertuak, zinema, ikuskizunak, jardunaldiak, antzerkia, kultur proiektuen aurkezpenak, familia jarduerak…
2014ko urriaren 15ean ateak ireki zituenetik, 2022ko ekainaren 30era bitartean, 66.500 erabiltzaile baino gehiago gerturatu dira Oihanederren antolatu diren 900 bat jardueretara. Gutxi gorabehera, urtean 10.000 lagun inguru hurbildu dira Oihanederrek eskainitako jardueretan parte hartzera, pandemia garaian izan ezik.
Euskal kulturaren erakusleiho izan da Euskararen Etxea, eta bertan izan dira euskal sortzaile ugari beren lanak erakusten: idazleak, musikariak, aktoreak, margolariak, zinema zuzendariak, dantzariak, marrazkilariak eta artista plastikoak, besteak beste. “Eskaintza anitza eta askotarikoa izan da, eta kultura diziplina ezberdinak programatu dira, horrez gain, publiko segmentu ezberdinei zuzendutako jarduerak antolatu dira, ahalik eta eragin zabalena izate aldera”, adierazi dute bertako kideek.
Zentzu berean, “kontaezinak izan dira eragile ezberdinengandik jasotako proposamenak, eta ahal izan den gehienei egin zaie leku. Izan ere, hori behar dute euskal sortzaileek: plaza eta oholtza, bozgorailua eta arreta. Oihanederren plaza izateaz gain, aulkiak nork bete ere izan da, zortzi urte hauetan erabiltzaile komunitate zabala osatu baita Euskararen Etxearen bueltan”.
Sortzaile zein ikus-entzuleei, babesle zein laguntzaileei, erakunde zein elkarteei… denei eskerrak eman nahi izan dizkiete. Izan ere, elkarlanean sinesten dutela aitortu dute, eta horren adierazle “jarduera guztien %60 modu horretan atera dugula aurrera, hots, beste eragile batzuekin batera gauzatu ditugula, izan elkarte, erakunde, entitate edo norbanakoekin”.
Oihaneder Euskararen Etxea Gasteizko Kafe Antzokiaren lehen zutabe gisa abiatu zen, eta zortzi urte hauetan proiektu berriari oinarri sendoak eraikitzeko balio izan du. “Esan beharra dago urte hauetan guztietan ezinbestekoa izan dela Gasteizko Udalaren laguntza, eta bereziki Kultura eta Euskara zerbitzuena. Bertako arduradun, teknikari eta langileen laguntzagatik izan ez balitz, oihan eder baino, baso sastrakatsu izango zatekeen aurrera eraman den proiektua”.
Gasteizko euskararen normalizazioan eta biziberritzean eragiteko sortu zen proiektu hau, eta uste dute kultur akuilu gisa lan mardula egin dela, kulturaren balio eraldatzailean sinesten baitute, eta hori baita eguneroko lanabesa. “Zortzi urte hauek aurrera egiteko kemena eman digute, beraz, Lazarraga Kultur Elkarteak lanean jarraituko du Gasteizek merezi duen kulturgune euskaltzalea ahalik eta lasterren izan dezan. Elkartu ginen, hausnartu genuen eta ekin genion. Egindako lana eta metatutako esperientzia ezinbestekoak izango dira erronka berriei aurre egiteko. Orain bagoaz, baina laster bagatoz”.