(argazkia: Euskaltzaindia)

Sü Azia elkarteak eta Euskaltzaindiak zubererazko argitalpenak euskal gizartearen esku jartzeko hitzarmena izenpetu dute

Allande Socarros euskaltzain urgazle zenduaren omenez, Allande Socarros. Euskal idazlan eta lekukotasunak izenburua duen liburua argitaratuko dute aurten. 

Sü Azia elkarteak eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena izenpetu dute, lehen aldiz. Jean Mixel Bedaxagar Sü Azia elkarteko presidentea eta Jean-Baptiste Coyos Euskaltzaindiaren buruordea eta Ipar Euskal Herriko ordezkaria Maulen elkartu dira bi erakundeen arteko lankidetza-asmoa hezurmamitzeko. Sü Azia elkartea 1979an sortu zen Zuberoaz eta zubereraz agertu edo eginik izan diren lanak biltzeko eta ezagutarazteko. Elkarte horrek Zuberoan egiten duen lana bat dator Euskaltzaindiak lurralde guztietan euskararen alde garatzen duen lanarekin; ondorioz, bi erakundeek egitasmo bateratuak bultzatzeko emandako pausoa zentzuzkoa dela uste dute.

Lehen hitzarmenean, hiru xede nagusi agertu dituzte bi erakundeek: “Allande Socarros 2021eko abenduan utzi gintuen euskaltzain urgazlearen omenezko liburua elkarlanean argitaratzea (Allande Socarros. Euskal idazlan eta lekukotasunak); Euskaltzaindiak 1887 eta 1914 urteen artean agertu ziren Zuberoako almanakaren zenbaki guztiak (27 zenbaki) digitalizatzea eta Euskaltzaindiaren eta Sü Aziaren webgunean kontsultagai jartzea: Ziberoko Egünaria (1887-1914); eta 1989an agertu zen Junes Casenave-Harigileren Hiztegia I Français-Eüskara Züberotar eüskalkitik berrargitaratzea eta Euskaltzaindiaren webgunean bertsio digitalizatua agertze”.

Bi erakundeetako ordezkariak pozik agertu dira Maule-Lextarren egin duten izenpetze ekitaldian, eta adierazi dutenez, “Zuberoatik, zubereraz euskararen aberastasuna eta ezagutza elikatzen jarraitzeko elkarlana garatzea eta indarrak metatzea ezinbestekoa da”. Ildo horretan, Bedaxagarrek Socarrosen omenezko liburuaren  garrantzia azpimarratu du, bai eta berak utzitako itzala ere: “Hainbeste lan egin du Allandek, trebea zen gai anitzetan, jakitate handia zuen eta oroz gainetik zuberera maite zuen eta bazekien zubereraz ongi izkiriatzen. Allande zutabe bat zen eta behar dugu haren ildotik aitzina joan. Liburu honekin, gazteek jakingo dute non-zer ikasi, betiere euskara aitzina joan dadin”. Coyoek bat egin du Bedaxagarren hitzekin: “Lehen aldiz izenpetzen dugu hitzarmen hau Su Äzia elkartearekin, eta ikusiko da datorren urtean zer eginen dugun, baina jadanik badugu zer egin, beti Allande Socarros gogoan izanik”.

Zabaldu: