Literaturzale Feministen Topaketak egingo dituzte ostiralean eta larunbatean, Gasteizen

Bi eguneko jardunaldietan, euskal literaturaren iragana, oraina eta etorkizuneko zalantzak aztertuko dituzte, betiere ikuspegi feminista batetik.

Sareinak taldeak, Sorginenearen komisioa den liburutegi feminista Ellen Ganbarak eta Gasteizko Emakumeen Etxeak elkarlanean antolatutako, Literaturzale Feministen Topaketak egingo dituzte, uztailaren 1ean eta 2an, Gasteizko Emakumeen Etxean.

Bi eguneko jardunaldietan, euskal literaturaren iragana, oraina eta etorkizuneko zalantzak aztertuko dituzte, betiere ikuspegi feminista batetik eta bi urtez euskal literaturako eragile feministekin sarean hitz egin ondoren. Hitzaldi, mahai-inguru, lantegi eta bestelako ekitaldietan idazleek, irakasleek, editoreek, irakurleek eta literaturazaleek hartuko dute parte.

Topaketak Iratxe Retolazaren hitzaldiarekin abiatuko dira. Bestalde, argitaletxe eta liburu dendetako ordezkariak izango dira lehen egunean, eta Leire Lopez Ziluaga, Nerea Fillat eta Maria Mur editoreak arituko dira hizlari. Larunbatean, berriz, hainbat belaunalditako idazleak elkartuko dira: Karmele Jaiok, Laura Mintegik eta Itziar Ugartek esaterako, genealogiei eskainitako mahai-inguruan hartuko dute parte. Ondoren, irakurle talde feministei buruzko solasaldia antolatu dute.

Lantegiei dagokienez, ostiralean, hiru lantegi izango dira: irakaskuntzari, kritikari eta hedabideei buruzkoak. Larunbatean, berriz, ilustrazioa eta antzerkia literaturan izango dituzte aztergai. Maite Caballerok eta Paula Estevezek gidatuko dute ilustrazioarena, eta Amancay Gaztañagak antzerkikoa.

Izen-ematea doakoa da eta literaturzale.feministak@gmail.com helbide elektronikoaren bidez egin daiteke.

Hemen kontsulta daiteke egitarau osoa: LiteraturzaleFeministenTopaketak.

Zabaldu: