(argazkia: Bizkaiko Aldundia)

Formatu handiko 70 akuarela ikusgai Bilboko Ondare Aretoan

Euskal Akuarelarien Elkarteak antolatutako erakusketa urriaren 15era arte egongo da zabalik.

Ondare Aretoak formatu handiko 70 akuarela jarri ditu ikusgai urriaren 15era arte Bilbon. Euskal Akuarelarien Elkarte antolatzailearen arabera, artelan guzti hauek desberdinak dira, akuarela lantzeko moduari zein gaiari dagokienez. Piezen egileak Akuarelisten Euskal Elkarteko artisten komunitateko kide dira, eta azaldu dutenez, “ikusgai egongo diren lanek akuarela teknika dute komunean, baina azken emaitza desberdina da horietako bakoitzean, teknikaren tratamendua guztiz pertsonala baita, egile bakoitzaren estiloari erantzuten diolako”.

Aniztasun hori obren gaian eta konposizioan ere islatzen dela adierazi dute elkarteko kideek. “Bilboko Ondare Aretoan paisaia, irudi eta obra abstraktuak ikusi ahal izango dira. Erakusketa hau aukera paregabea izango da akuarelak Euskal Herrian bizi duen une bikaina ezagutzeko”, nabarmendu dute.

Erakusketak bestalde, Bilbon irailaren 26tik aurrera egingo den Nazioarteko Akuarela Sinposioaren XXV. edizioarekin bat egingo du.

Akuarelisten Euskal Elkartea

Akuarelisten Euskal Elkartearen historia jatorriz lotuta dago Bilbon 1945ean Akuarelaren I. Areto Nazionala antolatu zuen akuarelista talde batekin, eta, hark izan zuen arrakastak bultzatuta, elkartea sortu zuten. Harrezkero, pinturaren alorrean akuarelari merezi duen lekua emateko gogo biziz aritu da lanean elkartea. Akuarelaren zale amorratuen artean, Juan Arostegi Barbier nabarmentzen da. Lehenengo presidentea izan zen eta proiektu hura gauzatu eta gaur egun den elkarte dinamikoa izan zedin indar betean jardun zuen.

Zabaldu: