‘Ikas Vital’, adin guztietarako prestakuntza eta jolas eskaintza berria aurkeztu dute Gasteizen

Musika eta zinema, rockaren historia, artea, nutrizioa, emozioen kudeaketa, Historia edota trebetasun digitalak eskuratzea jorratuko dira 29 ikastaro hauetan. Parte hartu nahi duenak irailaren 7tik aurrera izango du izena emateko aukera, ikastaroak urrian hasiko dira.

Hainbat urtez 55 urtetik gorako lagunentzako prestakuntza eta jolas- jarduerak antolatzen aritu ondoren, Vital Fundazioak aurrerapausu bat eman nahi izan du eta adin guztiei zuzendutako programa eskainiko du aurten. “Vital Fundazioan aitzindariak izan ginen 55 urtetik gorako jendeari zuzendutako kultura- eta aisialdi-programak diseinatzen, baina egiaztatu dugu adin horretatik beherako pertsonen artean ere gero eta eskaera handiagoa genuela. Hortaz, urrats bat gehiago ematea erabaki dugu, gizartearekin eboluzionatzea eta gure prestakuntza-eskaintza osoa edozein adinetarako irekitzea, jarduera berri batzuk gehituz gainera. Hala ere, jarduera batzuk +55 kolektiboarentzat baino ez dira eskainiko. Ikasteko gogoak ez du ez adinik, ez profil zehatzik, eta uste dugu gure prestakuntza-ikastaroetako edozein interesgarria izan daitekeela publiko orokorrarentzat”, nabarmendu du Arantxa Ibañez de Opacua Vital Fundazioko zuzendariak.

Horrela sortu da Ikas Vital programa. Lehen denboraldi honetan 29 ikastaro eskainiko dira, 1.300 plaza guztira. Mendi-ibiliak egitea eta hizkuntzak ikastea +55 jendearentzat mantenduko dira.  Izena emateak irailaren 7tik 16ra bitartean egin ahal izango dira, 8:30etik aurrera, Kordoi Etxean (Aiztogile kalea 24, Vitoria-Gasteiz) edo www.fundacionvital.eus webgunean. Honetan  ordutegia eta prezioak kontsulta daitezke jada.

Hogeita bat jarduera aurrez aurre emango dira Vital Fundazioaren egoitzan, eta beste zazpitan aurrez aurre edo online jarraitzea aukeratu ahal izango da, eta horietako bat, yoga, online baino ez da emango. Gehienak udako denboraldiaren ondoren hasiko dira, urriaren hasieran, +55 hizkuntzak izan ezik, horiek irailaren amaieran hasiko baitira.

Aurrez aurreko eskaintzetan honako gai hauek landuko dira: ekonomia, legeria, nazioarteko prentsa, emozioak gorputzaren bidez kudeatzearen garrantzia, Erdi Aroko Historia, Euskal Herriko pinturaren jatorria eta bilakaera, +55 Hizkuntzak (ingeles hastapena eta bitartekoa, frantsesa eta euskara), irteera kulturalak eta abesbatza musikal baten parte izateko aukera.

Aurrez aurreko eskaintza osatzeko, gailu mugikorrei, aplikazioei eta bestelako teknologia batzuei buruzko ikasketen bidez eten digitala haustea helburu duen bloke bat egongo da. Multzo horretan, honako hauen artean aukeratu ahal izango da: Ikasi zure ordenagailua erabiltzen (oinarrizko maila), Internet bidezko kudeaketak eta erabilerak, Ikasi zure mugikorra eta ordenagailua babesten, Ikasi Android mugikorra erabiltzen, Oinarrizko trikimailuak zure mugikorrarekin argazkiak ateratzeko eta Mugikorreko GPSaren erabilera. Horiek guztiek 30 saioko iraupena dute.

Filosofia, XIX. mendeko inperio kolonialak, Ongizatea eta nutrizioa, Ahots formak, Rockaren historia, Musika eta zinema eta Hego Amerikako artea ikasgaietan prestakuntza online edo aurrez aurre jarraitzea aukeratu ahal izango da.

Ikastaroei buruzko informazio guztia www.fundacionvital.eus webgunean kontsulta daiteke eta izena emateak irailaren 7an hasiko dira.

Zabaldu: