Jabi Elortegiren 'El vasco' filma

Hamazazpi filmek osatzen dute Donostiako Zinemaldiaren euskal ekoizpenen zerrenda

Fermin Aio, Izaskun Arandia, Jabi Elortegi, Maria Elorza, Fernando Franco, Alberto Gastesi, Mikel Gurrea, Xuban Intxausti, Ander Iriarte eta Fermin Muguruza lehiatuko dira Euskal Zinemaren Irizar Sarirako.

Hamahiru film luzek eta lau film laburrek osatzen dute Donostiako Zinemaldiaren euskal ekoizpenen zerrenda, eta Sail Ofizialean, New Directorsen, Zabaltegi-Tabakaleran, Nesten, Zinemiran eta Euskal Zinemaren Galan eta EiTB Galan banatuko dira.

70. edizio honetan Zinemirak fikziozko eta ez-fikziozko zazpi film biltzen ditu, horietako lau mundu mailako estreinaldiak eta Euskal Zinemaren Irizar Sarirako hautagai izango dira Zinemaldiko beste sail batzuetan dauden beste sei lanekin batera. Hala, guztira hamar ekoizpen lehiatuko dira 20.000 euroko saria irabazteko.

El vasco Argentinarekin egindako koprodukzioaren mundu-estreinaldiak Zinemira inauguratuko du. Jabi Elortegik (Bermeo, 1969) zuzendu du Joseba Usabiaga, Itziar Aizpuru eta Eduardo Blancok antzeztutako komedia dramatiko hau.

Izaskun Arandia (Tolosa, 1972) ekoizle eta gidoigileak bere lehen film luzea zuzendu du My Way Out izenpean. Ez-fikziozko lan honek Londonen kokatutako eta pertsona transexualentzako klubaren historia berritzen du artxiboko irudien eta elkarrizketen bidez.

Xuban Intxaustik (Donostia, 1980) Bakearen Aldeko Koordinakundea kolektibo bakezalearen historia eta printzipio etikoak esploratzen ditu Gesto lanean. Artxiboko irudien eta egungo adierazpenen bidez, taldearen hiru hamarkadako ibilbideari buruz hausnartzera bultzatu nahi du ikus-entzulea.

Karpeta Urdinak filmean, berriz, Ander Iriarte zinemagileak (Oiartzun, 1986) ikerlan bat abiarazten du bere aitak komisaria batean jasandako torturetan oinarrituta. 1960tik 2014ra bitartean Euskal Herrian izandako tortura eta tratu txarrak ikertzeko proiektuaren emaitzak ezagutarazten ditu egileak, baita Istanbulgo Protokoloa ere.

Hala, irailaren 20an, Euskal Zinemaren Gala izango da Victoria Eugenia Antzokian. Bertan, Gelditasuna ekaitzean Alberto Gastesiren (Donostia, 1985) lehen lana estreinatuko da, Loreto Mauleon eta Iñigo Gastesi protagonista dituen amodiozko istorio bat.

Hurrengo egunean eta agertoki berean, EiTB Gala ospatuko da Kepa Junkera berpiztu dokumentalaren aurkezpenarekin. 2018an iktus bat izan zuen musikari bilbotarrak eta hark utzitako ondarearen inguruko dokumentala zuzendu du orain Fermin Aiok (Algorta, 1973).

Halaber, Euskal Zinemaren Irizar Saria eskuratzeko lehian izango dira, baita ere, Sail Ofizialean jada iragarrita zeuden bi film: Mikel Gurrearen (Donostia, 1985) Suro, Fernando Francoren (Sevilla, 1976) La consagración de la primavera, New Directors saileko pelikula bat –Maria Elorzaren A los libros y a las mujeres canto (Gasteiz, 1988)– eta Fermin Muguruzaren Black is Beltza II: Ainhoa, Belodromoan estreinatuko dena.

Lehiaz kanpo

Beste hiru filmek osatuko dute Zinemiraren programazioa, baina lehiaz kanpo hartuko dute parte, Donostiako emanaldien aurretik estreinatu direlako: Alauda Ruiz de Azuaren (Barakaldo, 1978) Cinco lobitos, Arantza Santestebanen (Iruñea, 1979) 918 gau eta Jon Mikel Fernandezen (Donostia, 1983) Bi arnas.

Halaber, Zabaltegi-Tabakalera sailean parte hartuko dute Kimuak programako bi film laburrek: batetik, Lur Olaizolaren Hirugarren koadernoameta Estibaliz Urresolaren Cuerdas.

Lehendabizikoz, Nesten, zinema ikasleen film laburren lehiaketan, euskarazko bi euskal ekoizpen lehiatuko dira Nest Saria lortzeko: EHUko Nagore Muriel Letamendiaren (Villabona, 2000) Erro bi eta Elias Querejeta Zine Eskolako Mikele Landa Eigurenen (Bilbo, 1995) Noizko basoa.

Zinema areto batean eskainiko ez badira ere, Zinemaldian beste euskal ekoizpen batzuk ere egongo dira, proiektu-fasean dauden lanak, izango diren filmak, hain zuzen. Horrela, Helena Tabernaren Nosotros egitasmoa, Asier Altunaren Karmele, Pablo Hernandoren Una ballena eta Baltasar Kormakurren Baleazaleak. Gainera, Irati Gorostidik bere proiektua aurkeztuko du: Anekumen.

Zabaldu: