[BIDEOA] ‘Krask soinua’, torturari buruzko dokumentala sortzeko finantzaketa kolektiboa martxan

Paco Etxeberriak zuzendutako Torturaren ikerketa proiektua Euskal Herrian (1960-2013) oinarri hartuta, Ander Iriarteren dokumentalak tortura modernoa, tortura ikusezina eta tortura psikologikoa bezalako kontzeptuak aztertuko ditu.

Ander Iriarte (Oiartzun, 1986) zinemagileak Krask soinua dokumentala sortzeko finantzaketa kolektiboa abitu du. 2016an Paco Etxeberriak zuzendutako Torturaren ikerketa proiektua Euskal Herrian (1960-2014) txostenaren aurkezpenera joateko aukera izan zuen Iriartek, eta bertan entzun zuenak hunkitu egin zuen, “tortura modernoa”, “ingurune torturatzailea” eta “tortura psikologikoa” gisako kontzeptuak entzun zituen lehen aldiz. Hala, bere aita Joxe Iriartek Borrokaren gorrian liburuan idatzitakoa aurkezpen hartan entzundakoarekin bat zetorrela konturatu zen zinemagilea.

Txosten hura dokumental baterako oinarria izan zitekeela pentsatu zuen orduan, eta gaian sakontzen hasi zen. Ikerketako zientzialarien protokoloetan sakondu ahala, Iriarte mendebaldeko herrialde askotan torturak ezkutatzeko, teknikak nola asmatu eta berritu dituzten ulertzen hasiko da.

Iriartek abiatutako proiektu hau hastapenetik aitortua eta saritua izan da nazioarteko hainbat eremutan. Horien artean, Krask Soinua-k Donostiako Zinemaldiko dokumentalen koprodukzioen Treeline saria jaso zuen. Zuzendariak azaldu duenez, “arazoari tokiko kasu batetik heltzeak ez dio nazioartekotasunik kentzen. Mendebaldeko tortura mekanismoak argitara ematen diren bitartean, filmak nazioarteari nahiz herritarrei giza eskubideen urraketa larri horien inguruan kontzientzia hartzen lagunduko dio”.

Iriarteren arabera, “proiektu hau giza eskubideen defentsa zorrotzetik sortu zen, eta planeta osoari, baina bereziki, Europa eta Ipar Amerikari, eragiten dion arazo bati buruz hitz egiten du: derrigortze-neurri gisa tortura modernoa erabiltzea”.

“Badakigu ikus-entzunezko baliabideek publiko zabal eta askotarikoarengana iristeko gaitasuna dutela, eta, beraz, tresna egokia iruditzen zait EHUko Kriminologia Euskal Institutuak egindako proiektu zehatz bezain garrantzitsua ezagutarazteko. Egia aitortzea da nazioarteko justizia historikorako legeen oinarria; izan ere, egiarik gabe ezinezkoa da edozein erreparazio, eta erreparazio hori gabe beti errepikatuko dira bidegabekeriak”.

Mirokutana, Gastibeltza eta Irusoin ekoiztetxeak arduratuko dira produkzio lanez, eta finantzaketa kolektiboa abiatu dute. Izan ere, Copenhaguen dago mundu osoan torturatuko pertsonak fisikoki eta psikikoki osatzen laguntzen duen zentroa eta lantaldeak bertan grabatu nahi du. Biltzen duten diru guztia ekoizpenean gastatuko dutela nabarmendu du zuzendariak. Proiektua, gainera, Meta! programaren barruan sartu da eta horri esker herritarrek emandako euro bakoitzeko beste bat jarriko du Gipuzkoako Aldundiak.

Dena ondo bidean, 2021ean izango dugu dokumentala ikusteko aukera.

Zabaldu: