(argazkia: Bizkaiko Aldundia)

Izaskun Alonso, Mikel Garate, eta Jorge Rubioren lanak ikusgai Bosteko erakusketa ibiltarian

Habitar/Bizi izeneko erakusketak Basauriko Ariz dorrean eman dio hasiera ibilbideari. Irailaren 29ra arte egongo da bertan.

Artearen berri ematea helburu duen Bosteko erakusketa aurkeztu dute gaur goizean Habitar/Bizi izenpean. 25. edizio hau ere, aurrekoetan bezala, herriz herri ibiliko da datozen hilabeteetan. Hala, lehen geldiunea Basaurin egingo du gaurtik aurrera eta bertan, Izaskun Alonso Saratxaga (Bilbo, 1971), Mikel Garate Aracama (Azkoitia, 1969) eta Jorge Rubio Pinedo (Bilbo, 1972) EHUko Arte Ederretako fakultateko irakasleen lanak ikusi ahal izango dira. Antolatzaileek azaldu dutenez, “pertsonok espazioa nola bizi dugun eta espazio horretaz nola jabetzen garen ulertzeko beharretik sortu da Habitar/Bizi”. Erakusketa honek artista bakoitzaren lanetik hurbil dagoen begirada eskaintzen du, bilaketa plastikoa da, arkitektura bizi eta hautematetik sortutakoa.

“Espazioaren eta giza praktiken arteko topaketatik sortutako esperientzia gisa ulertzen da bizitzea. Askotan, gure existentzia nolabait antolatzen eta definitzen duten espazioak eraikitzeko tresna gisa aurkezten da arkitektura. Praktika artistikoek, bestalde, toki horien esanahia aldatzen duten eragile gisa funtziona dezakete, hortik esperientzia berriak sortzeko”.

Izaskun Alonso Saratxagak hiru ikuspegitatik heltzen dio pinturari: mihisean gertatzen dena, errealitate birtualean sortzen dena eta espazioan sortzen dena. Hiru jarrera horiek bere giza praktika definitzen dute, eta, ondorioz, esku hartutako, margotutako edo irudikatutako espazioak bere izateari uzten dio, eta paisaia bihurtzen da.

Mikel Garate Aracamak argazki-irudiak memorian uzten duen aztarnan oinarrituta lantzen ditu paisaiak. Leku eta garai desberdinak agertzen dira, haietan gertatzen dena behatzen dutenen aurrean, onirikoaren eta oroimenaren arteko fenomenoa da.

Bere lanen bitartez, Jorge Rubio Pinedok ohartarazten digu beharrezkoa dela gizakien babeslekuak sortzea, hobetzeko habitatak, non pertsonek burua babestu eta hazi ahal izango duten. Askotan, obraren eta obra behatzen duenaren arteko komunikazioa errazten duten narrazio-elementu ezaguterrazak erabiltzen ditu.

Horrela, bada, Bosteko erakusketak artearen eta espazio arkitektonikoaren arteko bizikidetzatik sortzen diren hausnarketak jaso nahi ditu, eta, horren emaitza gisa, praktika artistiko garaikidetik abiatuta bizitzeari buruzko askotariko iruditeria sortzen da. Hiru artista hauek bizitzeari buruz planteatzen dituzten askotariko begiradek bat egiten dute erakusketa honetan, zeina arkitektura ikuspegi berrietatik ikusteko gonbidapena baita.

Erakusketa ibiltaria

Bosteko 2022 erakusketaren bigarren geralekua Leioa izango da, urriaren 3tik 24ra, eta urriaren 27tik azaroaren 17ra Getxon egongo da ikusgai. Amorebieta-Etxanok azaroaren 21etik abenduaren 12ra hartuko du erakusketa, eta Arrigorriagak, berriz, abenduaren 15etik 2023ko urtarrilaren 8ra.

Zabaldu: